Jon Ormazabal

Zumarraga «pilotaren hiriburu» bilakatzearen erronka jarri dio bere buruari Kluben arteko Nazionalak

Txapelketako zortzi talderik onenak Beloki pilotalekuan ariko dira eta martxoaren 28ko finala ETB-k zuzenean eskainiko du.

Parte hartzaile eta antolatzaileak Zumarragako Antio baselizaren atarian (PILOTABIZI)
Parte hartzaile eta antolatzaileak Zumarragako Antio baselizaren atarian (PILOTABIZI)

Gaur goizean Antioko Interpretazio Zentroan egin duten aurkezpen jendetsuan jakitera eman dutenez, hurrengo hiru hilabeteetan «Zumarraga pilotaren hiriburu» bilakatzearen erronka jarri diote euren buruari Euskal Herriko Kluben arteko Nazionalaren antolatzaileek. Izan ere, bertako Beloki pilotalekuan jokatuko da txapelketaren azken fasea, final laurdenetatik hasi eta martxoaren 28an jokatuko den finalera. Azken jaialdi hau, gainera, ETB-k zuzenean emango duela baieztatu ahal izan dute azken orduan.

Pilotaren oinarria klubek osatzen dutela sinetsita, hauek egiten duten lana ahalik eta gehien zabaldu nahi dute eta, horretarako, hurrengo bederatzi jaialdiak streaming bidez zabalduko dituzte 20 bat web orrialdeetan. Emandako datuen arabera, iaz mundu osoko 80.000 ikusle inguru bildu zituen txapelketak ordenagailu edo bestelako gailuen aurrean.

Itxura ere garrantzitsua denez, Beloki pilotalekua pilotazalez betetzea da beste helmugetako bat. Kirol ikuskizunaz harago, bidaia agentzia baten babesarekin lortutako akordioari esker, 7 bidaia eta 1200 eurotako bidaia txartel bat ere zozkatuko dira pilotalekura gerturatzen direnen artean.

Zortzi talde handi

Baina pilotak behar du denaren ardatza eta horretarako txapelketako zortzi talderik indartsuenek euren onena eman beharko dute otsailaren 1etik aurrera. Bertan izango dira, iazko emaitzei esker zuzenean sartuko diren Hernani, Buruzgain, Oberena eta Irurtzun, egungo txapelduna, eta baita aurre-kanporaketetatik geratzen diren Aurrera Tolosa, Paz de Ziganda, Andoaingo Gazteleku eta Lemoa. Azken bi hauek hiru kanporaketa gainditu behar izan dituzte Zumarragan aritzeko.

Gaurko ekitaldian, Zumarragako alkate Mikel Serranok klub bakoitzeko ordezkariei zilarrezko domina bana eman die eta pilotariei txapelketako kamiseta bereziak banatu zaizkie.