Naiz

Brian de Palmaren film berriaren aurrestreinaldia hartuko du Bilboko Fant jaialdiak

Fant maiatzaren 8etik aurrera ospatuko bada ere, aurreko hilabeteetan hainbat filmen aurrestreinaldiak hartuko ditu bere baitan jaialdi bilbotarrak. Horietan lehena Brian de Palmaren ‘Domino’ izango da, zinema aretoetara otsailaren 21ean iritsiko dena.

Nikolaj Coster-Waldau da ‘Domino’ filmeko protagonistetako bat. (NAIZ)
Nikolaj Coster-Waldau da ‘Domino’ filmeko protagonistetako bat. (NAIZ)

Bilboko Udalak antolatzen duen Fant zine jaialdi fantastikoak 26. edizioa ospatuko du maiatzaren 8tik 16ra eta, aurten ere, generoan egin diren azken lanen aurrestreinaldiak eskainiko ditu jaialdia hasi baino hilabete batzuk lehenago. Bada, aurtengo lehen hitzordua datorren ostegunean izango da, hilaren 30ean, Brian de Palma zinemagile estatubatuarraren ‘Domino’ film berriaren aurrestreinaldiarekin (otsailaren 21ean estreinatuko da areto komertzialetan).

Fant jaialdiak joan den urtean jarri zuen martxan ekimen hau, bere 25. edizioa zela eta, «bere ikus-entzuleekin elkartzeko aitzakia» gisara.

Filmaren emanaldia 20.00etan hasiko da, Golem-Alhondiga zinema aretoetan. Sarrera doakoa izango da, proiekzioaren egunean 16.00etatik aurrera txarteldegian jaso beharko den gonbidapenarekin –pertsona bakoitzeko bi gehienez, eserleku guztiak bete arte–.

Brian de Palmak zuzendutako «indar handiko thriller garaikidearen» protagonistak Nikolaj Coster-Waldau eta Carice van Houten dira, eta Guy Pearce ageri da antzezle taldea osatuz. Lankidearen hiltzailea aurkitzeko ofizial batekin elkartzen den Danimarkako polizia bat da istorioaren protagonista. Bikoteak ez dakiena da jazartzen ari diren pertsonak CIAren operazio berezi batean egiten duela lan, eta Europan ISIS erakundearen zelula baten arrastoa jarraitzen ari dela.

Bestalde, Bilboko Udalak jakinarazi du ireki duela Fant 26 jaialdiarako film laburrak eta luzeak aurkezteko epea eta kopiak jasotzeko azken eguna martxoaren 1a izango dela. Lehiaketara materialak aurkezteko prozedura eta behar den informazio osagarri guztia www.fantbilbao.eus webgunean kontsultatu daitezke.