Nagore BELASTEGI
Donostia

Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 29. edizioa urtarrilaren 29an hasiko da

Normalean ostegunean hasten bada ere, aurten asteazken batean emango diote hasiera Donostiako auzoetara formatu txikiko antzerkia eramaten duen festibala. Guztira 16 taldek hartuko dute parte 26 espazio desberdinetan emanaldiak eskainiz. Ezohiko agertokietan ere arituko dira.

Tartean Teatroak ‘Ez dok hiru’ eskainiko du Martutenen. (NAIZ)
Tartean Teatroak ‘Ez dok hiru’ eskainiko du Martutenen. (NAIZ)

Donostian urtero ospatzen den Poltsiko Antzerkiaren jaialdiaren helburua antzerkia hiriko auzo guztietara eramatea da. Gainera, normalean antzerkia programatzen ez duen lekuetan eskaintzen dituzte emanaldiak. Era berean, formatu txikiko euskarazko sorkuntza sustatzen duen festibala da, eta horregatik beka bat ematen dute urtero. Hala, irabazleek eta finalistek euren antzezlana jaialdian eskaintzeko aukera dute.

29. edizioa urtarrilaren 29an hasiko da, asteazkenean –normalean ostegunez hasten bada ere– eta otsailaren 16ra arte luzatuko da. Otsailaren 15ean, ordea, egingo dute amaiera festa handia Intxaurrondoko kultur etxean Kataluniako The Chanclettes taldearen kabaret batekin eta Paula Valluerca eta Nerea Arriolaren bakarrizketarekin.

Bestalde, jaialdian aurtengo Poltsiko Sorkuntza Lehiaketaren irabazleek, Ttak teatroa eta Kamikaz kolektiboko kideak diren Iraia Elias eta Amancay Gaztañagak, ‘Matriuska’ lana aurkeztuko dute. Aurkezpenean azaldu dutenez, beraientzat lehiaketaren saria den 4.000 euroko beka bazuten ideia garatzeko aukera izan da. «Batzuetan baduzu ideia, baina ez dirua ezta plataforma bat ere. Donostia bada plaza bat», esan du Gaztañagak diruaz aparte, antzezlanak erakusteko aukera ematen duten sariak txalotuz.

Eliasek azpimarratu du formatu txikiko antzerkia izanik, «publikoarekin gertutasuna eta sortzen den harremana bilatu» egin dutela. Hala, umorezko antzezlan bat sortu duten non bi zientzialari atzera bueltarik ez duen bidaia batetan abiatuko diren.

Donostiako Kultur Ekintzako Teknikaria den Jon Aizpuruak aipatu duenez, iaz konturatu ziren «jaialdiak jarraitzaile asko dituela, ez bakarrik auzoetan, zentruan ere bai», eta hori izan da aurten ere egitarau txukuna prestatzera animatu dituena. Urtero bezala, emanaldi guztiak doakoak izango dira.