NAIZ

40.000 euroak lortuta, Lesbosen elikagaiak banatzeko furgoneta bat erostea lortu du Zaporeakek

Errefuxiatuei elikagaiak banatzeko furgoneta erosi ahal izateko behar zituen 40.000 euro biltzea lortu du Zaporeakek elkarteak. Bere esker ona adierazi du, eta gizartearen eskuzabaltasuna agerian geratu dela nabarmendu du. Ibilgailu berriarekin alokairuan gastatzen zutena aurreztuko dutela azaldu dute, baina proiektuan laguntzen jarraitzeko deia egin dute, «eguneroko lanak babes handia» behar duelako.

Zaporeak elkarteko kideak, kanpaina aurkeztu zutenean.
Zaporeak elkarteko kideak, kanpaina aurkeztu zutenean.

Lesbosen errefuxiatuei elikagaiak banatzeko furgoneta erosi ahal izateko 40.000 euro lortzeko diru-bilketa kanpaina jarri zuen martxan Zaporeak elkarteak urtarrilaren 7an. «Hiru hilabeteko epea ipini genion gure buruari baina motz geratu gara, hogei eguneko epean lortu dugu diru hori guztia», azaldu dute gaur ohar baten bidez.

«Euskal gizartearen babesa eta engaiamendua handia izan dela» adierazi eta «eskuzabaltasuna» agerian geratu dela nabarmendu du elkarteak. Zehaztutakoaren arabera, «askotariko ekarpenak egin dira, handiak, ertainak zein txikiak, norbanakoek eginak nahiz enpresa eta kooperatibek» egindakoak.

Zaporeaketik azaldu dutenez, «furgoneta berriarekin alokairuan gastatzen duten dirutza» aurreztuko dute, eta diru hori errefuxiatuei elikagaiak emateko erabili.

Elkarteak gaineratu du jakin duela lagun asko «ekarpena egiteko gogoz» geratu dela eta gogoratu du «eguneroko lanak babes handia behar» duela. Animatu du proiektuan laguntzen jarraitzeko, Kutxabanken eta Laboral Kutxan dituzten kontu korronteetan ekarpenak eginez, edo elkartearekin kontaktuan ipiniz, «maila aktiboan Zaporeakekin elkarlanean aritu» nahi izatekotan.