NAIZ

LABek Irun eta Hendaia batu ditu gobernuek pentsioen aurka sustatutako politikak salatzeko

«Pentsio duinak. Hemen erabaki» leloarekin, Irun eta Hendaiatik LAB sindikatuak abiatu dituen bi zutabeek Santiago zubian egin dute bat, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan.

Bi zutabeak Santiago zubian elkartu diren unea. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Bi zutabeak Santiago zubian elkartu diren unea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Osteguneko greba orokorraren bezperatan, LAB sindikatuak Irun eta Hendaiatik bi zutabe abiatu ditu, ondoren Gipuzkoa eta Lapurdiko mugan batu direnak. Hala, Gobernu espainol zein frantsesak pentsioen aurka sustatutako politikak salatu eta euskal pentsio sistema publiko bat aldarrikatu dute Euskal Herri osorako.

«Gaurko ekimenarekin irudikatu nahi izan dugu, mugen gainetik, hemen badagoela herri bat, hemen bagaudela langile batzuk euskal pentsio sistema publiko baten alde borrokatzen. Bi estatuen parte gara eta bi estatuetatik Europatik ezartzen dituzten politika neoliberalak inposatzen zaizkigu, hainbat lan erreforma ezarrita, guztiekin prekarizazioa areagotuz», adierazi du LABeko idazkari nagusia den Garbiñe Aranburuk.

Izan ere, Aranbururen esanetan, «antzekotasunak» daude bi gobernuak «pentsioen aurka eramaten ari diren politiketan», eta hori salatu dute bereziki gaurko mobilizazioan.

«Honen aurrean, Ipar zein Hego Euskal Herrian borrokatzen ari gara, pentsio sistema propio bat aldarrikatzeko; gutxieneko pentsio bat bermatu nahi dugu, eros-ahalmena bermatuko duen pentsio igoera bat nahi dugu, jubilazio adina aurreratu nahi dugu... Azken finean, bestelako eredu bat eraiki nahi dugu», gaineratu du idazkari nagusiak.

Hala, Aranburuk urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deia luzatu du, baita Ipar Euskal Herrian bihar izango den mobilizazio egun berriari babesa erakutsi ere.

Era berean, greba orokorrarekin «langileen batasuna» irudikatuko dutela nabarmendu du, lan, pentsio eta bizitza duinen alde, Ipar zein Hego Euskal Herrian.