naiz

Open Arms ontziak 237 migratzaile daramatza jada, 24 ordutan hiru erreskate egin ostean

237 migratzaile erreskatatu ditu Open Arms ontziak azken orduetan. Guztira, une honetan, 721 lagun daude ontzi ezberdinetan portu baten zain, Alan Kurdik asteburutik dituen 77ak eta Ocean Vikingek bost operazio ezberdinetan hartu dituen 407 lagunak batuta. Azken hauek Tarantoko portura bidean dira.

Ocean Viking ontzia Tarantoko portura bidean da. (@MSF)
Ocean Viking ontzia Tarantoko portura bidean da. (@MSF)

Open Armsen ontziak 237 migratzaile erreskatatu ditu ordu gutxitan Mediterraneoan, hiru irteera ezberdinetan. Azkena, gaur arratsaldean, 79 lagun hartu baititu. Bart 102 pertsona garraitzen zituen bote baten berri izan ostean egina zuen bigarren erreskatzea. Eta astelehen arratsaldean, beste 56 lagun jaso zituzten. 

Ontzia Libiako kosten parera iritsi berria da, sei egunez geldirik egon ostean arazo mekaniko batzuk konpondu ahal izateko. Arazoak arazo, une honetan bertan dagoen ontzi bakarra da, gainontzekoak Italia aldera gerturatu direlako portu bila.

Gerard Canalsek, Open Armseko arduradunak, azaldu duenez 18 urtez azpiko 38 lagun daude erreskatatuen artean eta Hego Sudan, Gambia, Egipto, Senegal, Txad edo Burkina Fasokoak dira. «Orokorrean egoera ona da», adierazi du. Ontziak 300 lagun har ditzake eta gosaria eman diete, baita artatu ere. Ez da egoera larririk antzeman, baina badira lesio ezberdinak dituzten migratzaileak.

Guztira, une honetan, 721 lagun daude ontzi ezberdinetan portu baten zain. Alan Kurdi alemaniarrak 77 migratzaile ditu asteburutik, sei hilabeteko haur bat barne. Ocean Vikingek 407 ditu bost operazio ezberdinetan. Azken hauek Tarantoko portura bidean dira.

«Mediterraneo bidez haien bizitzak arriskuan jarri ostean ihes egitera behartuak izan ostean, 216 gizon, 38 emakume eta 149 haur leku segurura iritsiko dira behingoz», iragarri du MSFk sare sozialen bitartez.

Urtea hasi zenetik 870 migratzaile iritsi dira Italiara, iaz, garai berean, 155 zirenean. Bestetik, gutxienez 68k galdu dute bizia itsasoa gurutzatzeko saiakeran.