Bretainiako Eskualde Kontseiluak batasun erreferendumaren alde «keinu bat» egin du

Bretainiako Eskualde Kontseiluak 2020ko aurrekontuak onartzeko bilkura egin du. Bilera horren atarian ustekabea eman du Loig Chesnais-Girard presidenteak balizko batasun erreferenduma diruztatzeko 100.000 euroko partida onartzeko proposamena luzatuz.

Maite Ubiria|14/02/2020
Bretainia-batu
Bretainiaren batasunaren aldeko manifestazio bat. (@MensueldeRennes

Bretainiako lurralde batasuna hurbilago ote dago? Atzo eta gaur Bretainiako Eskualde Kontseiluak urteko aurrekontua onartzeko deitu duen bilkuraren baitan aurkezturiko mozioak hori pentsatzeko betarik eman du. Bilkuran balizko erreferendum bat diruztatzeko 100.000 euroko partida erreserban uztea proposatu du Loig Chesnais-Girard presidenteak.

Aurrekontuen bozketaren atarian Loig Chesnais-Girardek eginiko iragarpenak piztu du arreta. Baita zeresan handia eman ere. Bretainiako presidenteak ez du batasun erreferenduma egiteko plana zehazki iragarri. Hala ere, balizko konsulta bat diruztatzeko partida bat aurrekontuan sartuta bide horretan urrats bat eman duela ondorioztatu daiteke.

Zehatz-mehatz hauek izan dira bretainiar agintariaren hitzak: «Erreferendum bat egiteko behin-behineko partida bat erreserbatuz gure helburua zein den are eta argiago erakutsi nahi izan dugu», azaldu du Chesnais-Girardek. Gehiengoa izanik, mozioak aurrera egingo du. Handik aurrera eztabaidak zein bide hartuko duen ez dago esatekorik. Are gutxiago udal hauteskunde batzuen atarian. Heldu den martxoan bozak izanen baitira.

«Oraindik ere erreferenduma hipotesi bat besterik ez da, eta bada jendea uste duena bretoi abertzaleak erakartzeko trikimailu bat baizik ez dela erabaki hori», idatzi du albistearen harira ‘Breizh-info’ internet bidezko agerkariak.

Loira Atlantikoan horren aldeko gehiengorik ez dago

Finean Roazhon-en (Rennes, frantsesez) bere egoitza duen Eskualde Kontseiluak ez du azkeneko erabakia. Kontsulta bat egin ahal izateko Loira Atlantikoko departamenduak eta Loira herrialdeetako Eskualde Kontseiluak beraien onespena behar lukete eman.

Orain arte, bi Administrazio horiek errefusatu egin dute egungo Bretainiako eremu administratiboa eta Naoned (Nantes, frantsesez) hiriburu duen Loira Atlantikoko eskualdea berriz ere batetzea.

Beste aukera bat litzateke Frantziako Konstituzioan aldaketa bat egitea Bretainia historikoarekin itxura handiagoa lukeen eskualde zabalago bat sortuz.

Izan ere, hizkuntza eta kulturaren aitortzaren alorrean orain arte Parisek erakutsi duen jarrera itxia kontutan izanik, oraindik ere zalantza gehiago sortzen du bigarren aukera horrek.

Urrats bat izan edo keinu txiki bat besterik ez, Bretainiaren batasunari buruzko eztabaida agenda politikoaren erdigunean kokatu du aurrekontuen eztabaidak.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.