NAIZ

‘Haurtzarotik zahartzarora’, jostailuen psikologia eta identitatearen eraikuntza aztergai

Jostailuen ezaugarri psikologikoak eta Kubako emakumeen identitatearen eraikuntza landu dituzte Tana Garrido eta Alina Aguilar-ek Bilboko Alhondegian ikusgai jarri duten ‘Haurtzarotik zahartzarora, eta alderantziz’ erakusketa osatzeko. Apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai.

Bisitari bat, Alhondegian jarri dituzten lanetako bat aztertzen. (NAIZ)
Bisitari bat, Alhondegian jarri dituzten lanetako bat aztertzen. (NAIZ)

Tana Garridok eta Alina Aguilak Alhondegian egindako egonaldi artistikoen emaitza da ‘Haurtzarotik zahartzarora, eta alderantziz’, Habanako Carlos Garaicoa estudioko ‘Artista x Artista’ programaren laguntzari esker garatu dutena. Erakusketa apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai zentro bilbotarrean.

Alina Aguila kubatarrak jostailuen eta haien ezaugarri psikologikoen mundua izan du ardatz bere proposamena eraikitzeko. Artistak berak azaldu duenez, «hedadura bat sortzea interesatzen zait, gauzen konnotazio hutsa idealizazio magiko batera mugiarazten duen beste mutur bat». Bere iritzian, jostailuak industrializatzean «akaberan eta materialen erabileran fintzera iritsi dira, eta mugarik gabe erreproduzitu dira». Bere proposamenerako, aldiz, pertsonalizazioaren eta irudimenezko jolasen munduari heldu nahi izan dio Aguilak: «Manipulazio material bat erreskatatu nahi dut, barru-barrukoa; bizkortze gisa pentsatzea gustatzen zait, ideia sinple eta, aldi berean, transzendentalen jolas gisa».

Aguilaren lanarekin harremanetan dago Tana Garridoren proposamena. Honek Kubako etxeko espazio garaikidearen ikus-entzunezko behatokia instalazio-formatuan erakutsi nahi izan du. Zehazki, euskal sorburuko emakume kubatarren lekukotasuna jaso du, generoaz, lurraldeaz eta memoriaz hausnartzeko.

Sortzaileak berak azaldu duenez, prozesuak etapa ezberdinak izan ditu: lehena, ikerkuntzakoa, Euskal Herrian; bigarrena, Habanan, ingurunearekin harremana hartuz eta emakume horiekin guztiekin harremanak ezarriz; eta hirugarrena, aurreko guztia bideoan eta audioan erregistratzea eta gauzatzea izan da. Azkenik, «material horiek guztiek bat egiten dute antitesi formal bat sortzeko, identitate espezifiko edota komun batzuen eraikuntzara hurbiltzeko: emakumeena eta euren historiarena».

Erakusketa Bilboko Alhondegian egongo da ikusgai, apirilaren 26ra arte.