Arnaitz Gorriti

Araskiren erritmo biziak IDK Euskotren derbitik atera du (79-64)

Tamara Seda Araskiko pibotak 23 puntu eta 9 errebote lortu ditu, Erika De Souzarekin izan duen borrokan nagusi izanik. Dena den, hirugarren laurdeneko 21-10eko partziala izan da euskal derbia Gasteizen geratzeko gako nagusia.

Tamara Sedak gain hartu dio Erika De Souzari uztaipeko borrokan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Tamara Sedak gain hartu dio Erika De Souzari uztaipeko borrokan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Hamar eguneko atsedenaren ostean, euskal derbiaz ekin zaio Emakumeen Endesa Ligari. Mendizorrotzan RPK Araskik eta IDK Euskotren Gipuzkoak derbi estua eta txukuna jokatu dute; arabarren joko bizi eta azkarra donostiarren joko ordenatuaren kontra. Talde biek aurkariari mina nola eman badakitela erakutsi duten arren, gasteiztarrak nagusitu dira, hirugarren laurdenetik aurrera batik bat, non Madelen Urietarenek 21-10eko partziala erdietsi duten. Tamara Sedaren 23 puntu eta 9 erreboteez gain, Izaskun Gaercia Urlezaga antolatzaile muxikarrak emandako erritmoa eta defentsa lanak aukerarik gabe laga ditu gipuzkoarrak. Hala, Araskik aurreneko zortzietan ederki egonkorturik jarraituko duen bitartean, IDK Euskotrenek atzeko postuetatik ihes egin ezinda jarraituko du beste astebetez, eta kontuz, jarraian laugarren partida galdu baitu.

Emakumeen Ligan ehungarren partida jokatzeagatik, Laura Pardok omenaldia jaso du neurketa hasi aurretxoan, eta Araskiren kapitainak «hiru gehi bateko» jokaldia burutuz ekin dio derbiari. Pardok osterantzean sufritu egin behar izan du hurrengo minutuetan, IDK Euskotrenek baloia barruan sartzea deliberatu baitu, Erika De Souza erraldoiak bere ia bi metroak inposatu ditzan. Horren gain, aurreneko bi hirukoak sartuta eta Laura Garciaren mugikortasunari esker, Azu Muguruzarenek 9-15 hartu du aurrea.

Gasteiztarrek defentsa gogortu dute ondoren. Jokalari txikiagoak baina biziagoak kantxaratu ditu Madelen Urietak eta aldeko partzial bikain askoa lortu dute etxekoek: 13-2, Izaskun Garciak azken segundoan sartuko hiruko batek markagailua 22-17 laga du aurreneko laurdenaren amaieran.

Muxikako antolatzaileak orkatila okertu du bigarren laurdenaren hasieran –jokora itzuli ahal izan du, zorionez– eta nabaritu du Araskik. Jokoa moteltzea lortu du orduan IDK Euskotrenek eta Erika De Souza «elikatu» ahal izan du, brasildarrak saskitik hurbil bere legea ezar dezan. Gasteiztarrek ere erantzuna aurkitu du, ordea: Tamara Seda, hain zuzen. Mozambiqueko pibotak eta De Souzak defentsan majo sufritu dute, baina puntuak erraz asko pilatu dituzte. Donostiarrek aurrea hartzea ere lortu dute atsedenaldia baino lehen, baina Araskik berriz ere buelta eman dio markagailuari, eta derbia 35-32 dela amaitu da aurreneko erdia.

Araski, abiada bizian

RPK Araski derbia apurtzeko gogoz kantxaratu da hirugarren laurdenean, 7-0eko partziala lortu baitu, 42-32 aurreratuz markagailuan. Sekula baino gehiago, Madelen Urietarenek abiada eman diote jokoari, eta donostiarren bizitasun faltari etekina atera diote; Tamara Sedaren bidez uztaipean eta Izaskun Garciaren hiruko bati esker.

IDK Euskotren saiatu da derbia berriro berdintzen, eta unetxo batez itxura hori izan du, Lara Gonzalezen gidaritzari esker, irabazteko ere aukeraren bat izan zezakeela azken orduan. Alabaina, behar baino baloi gehiago galdu ditu markagailua 48-42 atondu ostean, eta Raquel Carrera zein Tania Perezen eskutik, bikain baliatu ditu Araskik gipuzkoarren hankasartzeak. Are gehiago, Erika De Souzaren fisikoa ere huts egiten hasi da arabarren bizitasunaren aurrean, eta, bada, azken laurdena derbia ia erabakita zela iritsi da: 56-42.

Azken minutuetan ahaleginik egin du IDK Euskotrenek, Laura Garcia eta Ariel Edwardsen bitartez, baina ez du askorako balio izan, jokalari hauen estatistikak txukuntzeko baino. Araskik, hutsegite txiki batzuek eginagatik, erraz eutsi dio aldeari eta derbia bikain eraman u bere alde.

Madelen Urieta: «Nahago nuke talde honen sapaia oso goian balego»

«Aurreko bi urteetan donostiarren aurkako derbia galdu egin dugu eta bagenuen gogoa behingoan geur irabazteko», onartu du Madelen Urietak derbia amaitu berritan. «Gure erritmoa ezarri diegu eta hantxe lortu dugu aldea, hirugarren laurdenean. egia da laugarren zatian partida lokartu nahian arinegi ekin diogula, baina azeleragailua berriro zapaldu dugunean, berriz ere aldea hartu dugu», azpimarratu du gasteiztarren entrenatzaileak.

Dagoeneko 12 garaipen pilatu ditu RPK Araskik, iaz lortu zituen 19 garaipenetatik hurbil. «Talde hau talde bat da beti, hala kantxa barruan nola kantxatik kanpo», onartu du Urietak, eta goirik ez duela ikusten gaineratu du ere. «Nahiago nuke sapaia oso goian balego. Orain, astelehetik entrenatzen hasi eta nola hobetu pentsatzen ari naiz», amaitu du.

ZAMARAT 62 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 70

Emakumeen Eurocupeko final zortzirenetako aurreneko dema jokatu bezperan, partida petrala egokitu zaio talde gernikarrari. Emakumeen Ligako azkenaurrekoa izan arren aurkaria, behar gorrian egotera askoz arerio zailagoa izan da, are gehiago Nogaye Lo eta Gintare Mazionyte gabe jokatu behar izan duelako Mario Lopezen taldeak. Alabaina, Emakumeen Ligako goiko puntan zergatik dagoen erakutsi du Gernika Bizkaiak. Beste behin, Blake Dietrick izan da taldeko onena, 19 punturekin.

Kosta egin zaio, hala ere, talde bizkaitarrari partidari martxa hartzea. Nahiz eta aurreneko laurdena 17-20 amaitu den, Zamorakoak 15-9 ere aurreratu dira. Milic artean jokoan sartu gabe, Ariztimuño, Dietrick eta Roundtreek tiratu dute Mario Lopezenen gurditik, aurrean Mestres eta Dornstauderren puntuak nozitu dituztelarik.

Boladaka, dena den, ongi moldatu da Lointek Gernika Bizkaia eta atsedenaldirako 27-35 aurreratuta iritsi da. Hala ere, indarrak gorde nahian edo, ez dute beren egunik onenetan adinako jarraikortasunik izan. Hala, hirugarren laurdenean 31-44 aurreratu ostean, Zamarateko 9-2ko partziala ezarri dio talde bizkaitarrari. Laugarren laurdena hasita, gainera, are eta hurbilago jarri dira Leongoak, 51-52rainio hurreratu baitira. Dena dela, Dietrick eta Milicen puntuei esker, gernikarren garaipena kontrolpean izan da azken minutuetan.