Ibai AZPARREN

Elgetako Udala Zaldibarko krisi mahaitik kanpo utzi dute, oso gertu egon arren

Otsailaren 10ean Lakuak sortutako krisi mahaian parte hartzea eskatu zuen Iraitz Lazkano Elgetako alkateak. «Oraindik ez dugu erantzunik jaso», adierazi du NAIZi egindako adierazpenetan. Bestalde, Durangoko Udalak (EH Bildu) airearen kalitatearen inguruko informazioa eskatu dio Lakuako Gobernuari eta herriko estazio estatikoa eskaini dio.

«Zaldibar argitu» lemapean, hiru martxa atera larunbatean ziren Elgeta, Ermua eta Eibar herrietatik. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
«Zaldibar argitu» lemapean, hiru martxa atera larunbatean ziren Elgeta, Ermua eta Eibar herrietatik. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Lakuako Gobernuko Ingurumen, Osasun, Segurtasun, Lan eta Justizia eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailetako arduradunek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zaldibarko Udalak osatzen dute koordinaziorako mahai teknikoa.

Mahaia txandakakoa denez, Ermuko eta Eibarko udalekin ere bildu da. Ez, ordea, Elgetakoarekin, non EH Bilduk gobernatzen duen. Krisi mahaia sortu zen egunetik, otsailaren 10etik, Elgetak bertan parte hartzea eskatu duela adierazi dio Iraitz Lazkano alkateak NAIZi. «Oraindik ez dugu erantzunik jaso», baieztatu du.

Gainera, Elgetako Udalak Lakuako Ingurumen zein Segurtasun sailekin harremanetan jartzeko ahalegina egin duela azaldu du Lazkanok, baina egoera berbera izan da: «Iturri ofizialetik ez dugu ezer jaso».

Izan ere, Gipuzkoako herri horretako hirigunea zabortegitik lau kilometrora dagoela ohartarazi du alkateak, «Zaldibar hirigunea baino gertuago», eta Elgetako hainbat gune zabortegitik oso gertu daudela zehaztu du, lau kilometro baino gutxiagora.

Gainera, usaina «nabaria» dela gaineratu du, baina Gobernuak Elgetarako gomendiorik ez duela eman baieztatu du. «Ostegunean bizilagun batek esan zigun Eusko Jaurlaritzako teknikariak airearen kalitatea neurtzen ari zirela», nabarmendu du. «Gaur berriz etorri dira baserri bateko uraren kalitatea neurtzera», adierazi du Lazkanok.

«Neurketa horien berririk ez badugu ere, atzo 18.00etako informazioaren arabera airean dioxinak eta furanoa daude» adierazi du. Eibar, Zaldibar eta Ermuko biztanleei gomendatu diete leihoak ez irekitzea eta aire librean kirolik ez egitea eta, beraz, astelehen honetan haizeak iparretik joko duenez, aholku berdinak ematea zentzuzkoa dela uste du alkateak.

«Logikaz hartu dugu erabaki hori, baina ez abisatu digutelako», azpimarratu du. Krisi mahaira zergatik ez duten gonbidatu galdetuta, Lazakanok uste du «Eusko Jaurlaritzak Elgeta non dagoen ez dakielako» dela.

Durangok informazioa eskatu du

Zaldibarko zabortegiaren auziaren harira, Durangoko Udalak (EH Bildu) airearen kalitatearen inguruko informazioa eskatu dio Lakuako Gobernuari errekerimendu bidez, eta informazioa eskualdeko herriei ere zabaltzea eskatu dio.

«Durangarrok airearen kalitatearen inguruko sentsibilitate berezia dugu. Aireak ez du muga zehatzik, eta Zaldibartik hain gertu egonda arnasten dugun airearen kalitateaz jakin nahi dugu», adierazi dute udal ordezkariek.

Izan ere, Durangok airearen kalitatea aztertzeko estazio estatikoa du, eta berau da Zaldibartik gertuen dagoena. Dena den, estazio horrek ez ditu dioxinak eta furanoa aztertzen, eta horiek dira azken egunotan alarma gehien sortu duten substantziak. Hori dela eta, Udalak Durangoko estazioa eskaini dio Lakuari neurketa osagarriak egiteko.