NAIZ

Euskadiko Filmategia, Etxepare eta Cervantes Institutuaren hitzarmena euskara sustatzeko

Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiak eta Cervantes Institutuak lankidetza hitzarmena sinatu dute astelehen honetan. Lortutako akordioaren arabera euskara eta euskal kultura, eta bereziki euskal zinema, atzerrian dauden Cervantes zentroen bidez zabalduko dira.

Garcia Montero, Larraza eta Fernandez, gaurko ekitaldian. (NAIZ)
Garcia Montero, Larraza eta Fernandez, gaurko ekitaldian. (NAIZ)

Cervantes Institutuak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Euskara eta euskal kultura, eta bereziki euskal zinema, atzerrian dauden Cervantes zentroen bidez zabaltzeko helburua du akordioak.

Hitzarmena Cervantes Institutuko zuzendari Luis Garcia Monterok, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek sinatu dute.

Jarduteko Protokolo Orokorrak hiru aldeen arteko lankidetzarako oinarriak ezartzen ditu, ekimen posibleak elkarrekin garatzeko, «bereziki hizkuntza eta kultura ezagutzea, sustatzea eta zabaltzea helburu dutenak, bai euskaraz bai gaztelaniaz».

Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan egindako sinadura ekitaldian, erakunde honetako zuzendariak esan du Cervantes Institutuarekin partekatutako proiektu honetan ilusioz sartzen direla «80 hiritan baino gehiagotan dauden zentroen sarea, zalantzarik gabe, euskal zinemarentzat plataforma aparta baita», eta horrekin «nazioarteko audientzia berriak» lortu ahal izango baititu.

«Artxibo filmiko gisa egiten dugun lana iragana eta etorkizuna da, oroimena eta artea, baina transmisio plataformak ere behar ditu, gaur aurkeztu duguna bezalakoak», adierazi du halaber Euskadiko Filmategiko arduradunak.

Cervantes Institutua eta Etxepare Institutua lehenagotik elkarlanean ari ziren euskal zinema eta kultura zabaltzeko, 2011n sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker. Hemendik aurrera, Filmategia ere batzen da, partaide bat gehiago. «Nire prestakuntzan bidelagun izan ditudan Gabriel Aresti edo Blas de Otero bezalako poeta handiek lotzen naute euskal kulturarekin. Hizkuntza eta kultura honen aberastasuna guztion ondare demokratikoaren indargune bat gehiago izango da», esan du Garcia Monterok.

Sinatutako hitzarmenak lau urtean jarraian lau zinema ziklo egiteko proiektua jasotzen du, eta horietako filmak eta zuzendariak kanpoko hiru komisariok aukeratuko dituzte, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak eta Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak koordinatuta.

Aukeratutako lanak, gaztelaniaz zein euskaraz, XXI. mendeko euskal zinemaren adibide izango dira, eta proiektatzen diren herrialdeetako hizkuntzetan azpititulatuko dituzte. Lehenbizikoak Alemania, Hungaria, Maroko eta Errusia izango dira.