NAIZ

LAB: «Errealitateak erakusten du egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin»

Hilaren 22an emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko eguna da. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk sindikatu honek ostiralean Gasteizen mintegi bat antolatu duela azaldu du. Honekin batera, soldata arrakalarekin amaitzeko proposamen zehatzak ditu LABek.

LAB sindikatuak soldata arrakalari buruz gaur Bilbon egin duen agerraldia. (LAB)
LAB sindikatuak soldata arrakalari buruz gaur Bilbon egin duen agerraldia. (LAB)

Emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko eguna da otsailaren 22a. Honen bezperetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak soldata arrakalari aurre egiteko neurriak eta honetarako martxan jarriko dituzten ekimenen berri eman dute. Hain zuzen ere, mintegi bat egingo dute ostiralean Gasteizen. Bertan, lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortzeko, berrantolatzeko eta banatzeko beharraz arituko dira; zaintza lanak, tartean.

Soldata arrakala arazo politiko bat da LABen arabera, eta, horregatik, arazo hau gainditzeko bi elementuri heldu behar zaie.

Alde batetik, «lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortu, berrantolatu eta banatu behar dira; zaintza lanak barne. Izan ere, emakumeak dira nagusiki zaintza lanen ardura hartu behar izan dutenak. Ezinbestekoalana da bizitza sostengatzeko, eta lan hau gehienetan doan egin izan dute, sistema kapitalista eta jendarte orokorraren mesederako. Honek suposatu du emakumea bigarren mailan eta modu subsidiarioan egotea lan merkatuan», adierazi du Aranburuk.

«Sexu araberako banaketarekin amaitu behar da»

Bestetik, «lanean ematen den sexuaren araberako banaketarekin amaitu behar da. Banaketa honek emakumeak zigortzen ditu soldata okerragoa izatera, borondatearen kontrako kontratu partzialak izatera, prekarietate gehiago pairatzera».

Garbiñe Aranbururen hitzetan, «errealitate honek erakusten digu egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin. Ordaindu behar zaigun zor bat dago. Zor honi zor patriarkala deitzen diogu».

Zor hori ordaintzeko bidean neurri batzuk proposatu ditu LABek. Enpresek lanpostuen balorazio berri bat egin behar dute, ikuspuntu ez sexista batetik. Emakunde, INAI eta Gasteizko eta Nafarroako gobernuak bezalako instutuzioek pautak, tresnak eta baliabideak jarri behar dituzte balorazio hauek egiteko. Eragin faktorearen arabera baloratu behar dira lanak, bizitzaren iraunkortasunean duten eraginaren arabera, sindikatuak proposatu duenez.

Horretaz gain, neurriak hartu behar dira emakumeek enplegua aurkitzeko pairatzen duten diskriminazioaren aurrean; 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarri behar da; lanaldia 35 ordura jaitsi behar da enplegua sortzeko eta lan guztiak banatzeko, «inposatutako lanaldi partzialekin» bukatuz eta 20 orduko gutxieneko lanaldia ezarriz; eta subrogazio eskubidea bermatu behar da, LABen arabera.