Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioekin beteko ditu kaleak martxoaren 8an

Aurten ez dutenez grebara deitu, batzuek «ezintasun bat edo su eten bat dagoela ikusarazi nahi» izan dutela kritikatu dute Mugimendu Feministako kideek. Horren aurrean, Euskal Herri osoan zehar egingo diren mobilizaziorekin martxoaren 8an «suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion» feminismoa aldarrikatuko dutela azpimarratu dute.

Mugimendu Feministak Iruñeko Gaztelu Plazan eman duen prentsaurrekoa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Mugimendu Feministak Iruñeko Gaztelu Plazan eman duen prentsaurrekoa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken bi urteetan greba feministetan «mobilizatzeko eta antolatzeko gaitasuna» erakutsi duela adierazi dute astearte honetan martxoaren 8ko mobilizazioak iragartzeko Iruñeko Gaztelu Plazan egin duten prentsaurrekoan.

Greba horietan lortutako «arrakasta» estimulu handia izan dela nabarmendu dute eta, horregatik, Euskal Herrian V. Jardunaldi Feministen antolakuntzan murgildu zirela gaineratu dute, bertan ere parte-hartze maila oso altuak lortuz.

Horrela, 2018 eta 2019ko grebek feminismo antolatuan milaka emakumeren inplikazioa bultzatu dutela azaldu dute, eta «grebaren kontzeptua bera zabaltzeko eta birdefinitzeko» balio izan diela.

Ildo horretan, grebek «guztion artean» gogoeta egiteko ere balio izan dietela adierazi dute, baita «indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko» ere.

Izan ere, aurten –igandea– «berriro ere kaleak beteko» dituztela ohartarazi dute, eta «ozen eta argi esango» dutela «jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat».

«Aurten Euskal Herrian ez dugunez grebara deitu, gure aldetik ezintasun bat edo su eten bat dagoela ikusarazi nahi izan dute batzuek. Ez bata eta ez bestea. Borroka feminista beharrezkoa da oraindik, gaur duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera», azaldu dute.

Zentzu horretan, greba feminista «emakume langileak antolatzeko bitarteko» bat gehiago dela esan dute, «ez helburu bat», beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dutela gaineratu dute.

Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo «basati eta atomizatua» sustatzen duen mundu honetan, «komunitate feminista konprometitua eraiki» behar dutela jarri dute helburu gisa, «sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz».

«Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu», nabarmendu dute Mugimendu Feministako kideek.

Berdintasun formalik ez

Horregatik, berdintasun formalik nahi ez dutela argi utzi dute, «ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere», ez baitute «munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten» errezeta neoliberalik nahi.

«Tokian-toki jarduten dugu planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin», adierazi dute, haiekin «eskubideen galera, hondamendi ekologikoa, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak» salatu eta borrokatuko dituen feminismoa defendatzen dutelako.

«Gure feminismoak hainbeste ahaleginekin lortutako eskubide sozial zein politikoetan emandako atzerapausoari egin behar dio aurre», gaineratu dute.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, martxoaren 8an «suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion, eta xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideen zatiketa proposatzen duen arrazakeria instituzionala apurtzeko borrokatuko duen» feminismoa aldarrikatuko dutela nabarmendu dute.

«Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu», azaldu dute, «norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuz».

Eta, azkenik, «gaur eta beti», eskuin mutur «zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen» jarraituko dutela gaineratu dute.

Martxoaren 8ko mobilizazioak

Horren harira, Nafarroan, 12.00etan herri eta auzoetanmobilizazio deszentralizatuak egingo direla iragarri dute. Iruñeari dagokionez, Gaztelu Plazan egingo dute elkarretaratzea eguerdian. Arratsaldean, 18.00etan, eskualdeetan mobilizazio zentralizatuak egingo dituzte. Iruñerrikoa Antonuttitik aterako da.

Gasteizen, aldiz, arratsaldeko 17.30ean egingo dute mobilizazioa San Anton Plazatik eta, Donostian, 18.00etan hasiko dira mobilizazio zentralizatuak. Nafarroan bezala, Araban eta Gipuzkoan ere goizeko 12.00etan mobilizazio deszentralizatuak egingo dira herri eta auzoetan.

Bilbon, 13.00etan hasiko da mobilizizazioa Jesusen Bihotzetik eta, azkenik, Pausa aurretik (18 Lesseps kaia) aterako da goizeko 11.00etan Baionan hasiko den manifestazioa.