Haritz Larrañaga

‘Ikasbide’ metodoaren hirugarren alea, eskuragarri

AEK-k, Ikas zentroak eta EEPk Ikasbide metodoa jarraitzen duen hirugarren liburukia argitaratu eta Baionan aurkeztu dute. Euskara irakatsi edo ikasi nahi duen orori irekia den metodoak euskarri desberdinak eskaintzen ditu. Ipar Euskal Herriko errealitate sozio-linguistikoa kontuan hartuta egin dute liburuki berria.

Pantxika Paterne (proiektu zuzendaria),  Joseba Garai (AEK), Maider Hegi IEHko AEK lehendakaria, Beñat Arrabite (EEPko lehendakaria) eta Aines Dufau (Ikas zuzendaria).
Pantxika Paterne (proiektu zuzendaria), Joseba Garai (AEK), Maider Hegi IEHko AEK lehendakaria, Beñat Arrabite (EEPko lehendakaria) eta Aines Dufau (Ikas zuzendaria).

Euskaraz ikasteko ‘Ikasbide’ metodoa jarraitzen duen hirugarren liburukia aurkeztu dute Baionan AEK-ko, Ikas zentroko eta Euskal Erakunde Publikoko ordezkariek. Liburukiaren edukia AEK-k landu du, Ikas zentroak edukia erakargarri bilakatu du, eta EEPk proiektua finantzatu du.

Joseba Garaik proiektuaren bi helburu nagusiak azpimarratu ditu: «Irakasleei material pedagogiko erraza eta funtzionala eskaintzea, eta ikasleei ikasteko gogoa piztuko dien materiala sortzea». Horretarako, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren irizpideak kontuan hartu dituztela jakinarazi du AEK-ko kideak, maila bakoitza definitzeko jarraitu beharreko ezinbesteko eredua baita.

Pantxika Paterne, proiektuaren zuzendariak, ostera, edukia erakargarri bilakatzeko erabili dituzten bitartekoak aipatu ditu, hala nola, kolore eta marrazkiekin batera, «umorea atxiki» dutela nabarmendu du. Horrez gain, hiru euskarri motaz osatua da sail bakoitza: Ikasleen fitxategia, irakaslearen gidaliburua eta Ikasen webgunean dauden fitxategiko entzungaiak.

Laugarren liburukia bidean

Guztira sei liburuki ateratzeko asmoa dute eta gaur hirugarrena aurkeztu duten arren, jada laugarrena argitaratzeko lanean ari dira. Duela hiru urte, lehen liburukia argitaratu zutenean, urtero liburuki bat argitaratzeko asmoa zutela iragarri zuten, eta esandakoa betetzen ari dira.

Hala eta guztiz ere, material didaktikoa sortzeko lanketa aspaldikoa da. Esaterako, liburuki bakoitza argitaratu aitzin AEK-ko irakasleek urte batez erabiltzen dute materiala eta horrela zuzenketak egin ahal dituzte hastapeneko bertsioa hobetzeko. Izan ere, metodoa ez da estatikoa, «irakasleak etengabe hobetzen dira», azaldu du Garaik.

Ipar Euskal Herriko erreferentziak

Orain artean Hego Euskal Herrian argitaratzen zen materiala «iparraldeko beharretara egokitzen» zuten, baina Garairen hitzetan, «oraingo honetan Ipar Euskal Herriko kultura erreferentziak eta ezaugarri soziolonguistokoak kontuan hartu ditugu». Horrela, ariketa didaktikoetan aipatzen diren leku eta pertsonen izenak, adibidez, Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoakoak dira.