NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu du Larreko Mahaiak hilaren 29an Donostian

Larreko Mahaiak Zubietako erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu du otsailaren 29an, larunbatean, Donostian. Neurri «ausart eta aurrerakoiak» aldarrikatuko ditu, «errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa iraunkor eta garden bat».

Donostian Larreko Mahaiak egindako agerraldia. (Jon URBE/FOKU)
Donostian Larreko Mahaiak egindako agerraldia. (Jon URBE/FOKU)

Larreko Mahaia osatzen duten eragileek Zubietako erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu dute otsailaren 29an Donostian. Larunbata da. Martxan, arratsaldeko 17.00etan Easo plazatik hasiko dena, neurri «ausart eta aurrerakoiak» aldarrikatuko dituzte, «errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa iraunkor eta garden bat».

Ostegun honetan izandako agerraldian azaldu dutenez, «aurrean dugun erronka ekologikoari eusteko, ez dugu erraustegirik behar». «Konpromiso kolektibo eta politikoa behar dugu, ingurumenaren zaintza ardatz duten ereduenganako atxikimendua zabaltzeko, hau da, kontsumoaren murrizketa, berrerabilpena eta birziklapenean oinarritutako sistemen ezarpena logika sozioekonomiko bakar gisa nagusitzeko. Politika publikoetatik bermatu behar den trantsizio ekologiko batek eskumenen pribatizazio gutxiago eta demokratizazio gehiago eskatzen du», adierazi dute, eta galdetu dute ea nork ordainduko duen erraustegiaren zorra.

«Herritarrok hitza eta erabakia hartu nahi dugu, hondakinen kudeaketa geure egunerokoen afera delako, zuzenean eragiten digulako, eta errausketak geure lur, gorputz eta bizitzak kutsatzerik nahi ez dugulako. Ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko duen jendarte eredu baten aldeko borrokan trantsizio ekologikoa ardatz hartuko dugu eta bertan eragiteko konpromisoa geure egingo dugu», gaineratu dute, Zaldibarren gertatutakoa gogoratuz.

Izan ere, «honek Zubietako erraustegiaren kudeaketaz zer pentsatua ematen digu, erraustegiaren kudeaketa, Zaldibarko zabortegiaren gisara, pribatua izango baita, Eusko Jaurlaritzaren 'kontrolarekin'. Berriki jakin ahal izan dugun bezala, hondakin industrial ustez ez arriskutsu hauek erraustegi ustez ez kutsagarrira bideratzeko aukera aztertuko dute; jakina dugunez, gaur erraustegia erdu hutsik egotean errendimendu osoan jarri nahiko dutela, birziklapen tasak areagotzeko helburu ekologikoki sostengarria eta erraustegiari jaten emateko helburu ekonomikoa kontraesankorrak direlarik».

Egoera honen aurrean, Larreko Mahaian parte hartzen dutenek «jendarte hau bizigarriagoa egiteko borrokan» jarraituko dutela adierazi dute. «Errausketarik gabeko herri eta lurralde baten aldeko borrokan jarraituko dugu, ez diezaguten etorkizuna erre!», ohartarazi dute.

Egungo krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin «kezkatuta» dauden Gipuzkoako eragileek osatzen dute Larreko Mahaia, tartean CCOO, LAB Steilas eta EHNE sindikatuak, Ikasleen sindikatuak, Greenpeace eta Eguzki talde ekologistak, Ernai gazte antolakundea eta Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Extinction Rebellion, Etxalde eta GuraSos eragileak.