NAIZ

Juan Gorritik Ziudadelako lorategiak aire zabaleko erakusketa areto bihurtu ditu

Juan Gorritiren erakusketa Labean hasi da eta lorategira zabaltzen da. Barruan 6 metroko diametroko cromlech–a. Berdegunean ehun bat pieza ezberdinez osatutako beste cromlech bat, tamaina handiko totem pare bat, sorgin eta pertsonaien taldea osatzen duten zortzi eskultura eta haren behi urdina aurki daitezke, bost metro eta 2.000 kilo dituena.

Juan Gorritik sei metroko cromlech–a osatu du Ziudadelako Labean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Juan Gorritik sei metroko cromlech–a osatu du Ziudadelako Labean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

‘Araitz bailaratik Iruñeko Ziudadelara’ erakusketa aurkeztu du Juan Gorritik ostiral honetan. Gorritik berak esan duenez, obren sorkuntzan lurrak, euriak, suak eta denborak ere esku hartu dute, berak ‘Art-Denbora’ deitzen duenaren bidez. Labean jarri du ondoko lorategiraino hedatzen den bere cromlech berezi horietako bat. Erakusketa Ziudadelan izango da ikusgai datorren martxoaren 29ra arte.

Erakusketa honek Juan Gorritik 2019ko ekainean Azkuen, Mallopen, ‘Gaztarri’ izenez aurkeztu zuen erakusketan du jatorria. Horregatik, hemen aurkeztuko diren piezak «aireak, haizeak, zirimiriak, eguzkiak eta Araizko euriaren ondorengo lurrinak laztandu dituzte». Bigarren aldiz izango dugu Gorriti Ziudadelan; izan ere 2007an bere eskulturen bakarkako erakusketa bat egin zuen Ziudadelako Mistoen eraikinean.

Labearen barruan 6 metroko diametroko cromlech bat paratu du, 50 eta 180 zentimetrora bitarte dituzten piezek osatua. Gunea zaindua, lasaia, bildua eta isila denez, obra ikustera bertaratzen direnei haien pentsamendurik barnekoenetara eramateko aukera eskainiko diela pentsatu du, eta horrek hartaratuta erabaki du obra hor kokatzea. Hala, nahi dutenek piezak ukitu eta zurei egin dizkien zuloetatik begiratu ahal izango dute. Diseinuak 70 piezaz osatutako zirkuluaren inguruan ibiltzeko aukera ere ematen du, sorkuntza horri zein ikuspuntutatik begiratu nahi zaion erabakitzeko.

Bigarren cromlecha kanpoaldean instalatu da. Barrukoa baino handiagoa da, 10 metroko diametroa eta egur paregabe eta ezberdinetako ia ehun pieza ditu eta osotasunaren oreka ematen du aditzera. Bestea bezala «gure arbasoek duela milaka urte hasitako lanaren jarraipena da, guztiok elkartzen gaituen zirkulu bat». Batean zein bestean egurrak kolore naturala du, denboraren joanak eta materialaren gorabeherek eman diotena.

Lorategitik atera gabe, cromlecharen inguruan aurkituko ditugu sorginak eta pertsonaiak, duela milaka urteko gizakien itxurarekiko jakin-mina piztu zitzaionetik Gorritik sorkuntza prozesuan sortutakoak. 2 metrotik gorako altuera duten 8 irudi dira, teknika mistoa erabiliz landutakoak.

Behi urdina guztiaren lekuko ageri da, bi enbor handiren gainean atseden hartzen. Artistak infinituaren kolorez margotu du behia, «haren haurtzaroko oroitzapenak jasotzen dituen urdinez, denboraren atzaparrei ihes eginez, maite duen askatasunarekin bat egiteko». Obra honi buruz, honako hau dio egileak: «Gogoan dut soroan lan egiten nuenean idiek eta behiek zenbat sufritzen zuten. Orain, ordain modura, behi hau bi enborren gainean jarri dut, posizio noble batean», adierazi du. Obra bost metrokoa eta 2.000 kiloko da.

Berdeguneko erakusketan aurrekoez gain 2 totem handi daude; izan ere, batek 4 metroko altuera hartzen du eta besteak hirukoa. Behi urdinean bezala, piezak koloretsuak dira, Gorritik zuraren gainean pintura akrilikoa erabiltzeko hautua egin baitu. Aurreko material berberekin (pintura akrilikoz margotutako zuraz) osatu du azken obra, Malatxa, erakusketa osatzen duen konposizio urdina.

Labea aretoan ikusi ahal izango da honako ordutegi honetan: asteartetik ostiralera, 18.30etik 20.30era; larunbatetan, 12.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 20.30era; eta igande eta jaiegunetan, 12.00etatik 14.00etara. Kanpoaldea ikusteko, Ziudadelako parkea 9.00etatik 21.00etara egoten da zabalik.