Nagore BELASTEGI

Atx konpainiaren ‘7ak bat’ antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Sariaren XX. edizioa

Zazpi bekatu nagusiak, Mary Shelley-ren ‘Frankenstein’ eleberria eta emakumeen aldarrikapenak nahastu dituzte Atx konpainiaren umorezko lehen antzezlarean. Gidoirik gabe abiatu ziren eta denek egin zituzten euren ekarpenak superbekataria den munstroa eraikitzeko.

Atx teatroko kideak Ion Insausti zinegotzia eta Norka Chiapuso antzeki eta dantza zuzendariarekin. (Juan Carlos RUIZ /FOKU)
Atx teatroko kideak Ion Insausti zinegotzia eta Norka Chiapuso antzeki eta dantza zuzendariarekin. (Juan Carlos RUIZ /FOKU)

Zazpi bekatu nagusiak oinarrian dituen ‘7ak bat’ antzezlanak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatutako XX. Donostia Antzerki Saria. Gipuzkoako hiriburuan 2019an zehar helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena txalotzen du. Oraingoan, Atx antzerki konpainiak egiten duen umorezko lehen lanari egin dio aitortza epaimahaiak.

Sariak 12.000 euroko laguntza eta artelan bat dira –kasu honetan Amable Ariasek egindako pintura bat–. Horrez gain, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia antzokian emanaldia eskaini ahalko du taldeak.

Norka Chiapuso antzerki eta dantza zuzendariaren esanetan, ‘7ak bat’ lanak «ikuslearengana iristea lortzen du nahiz eta taula gainean oso elemengu gutxi izan». Ezohiko antzezlana izanik, horri esker lortu du gainontzeko antzezlanen artean gailentzea.

Iñaki Ziarrusta antzezlanaren zuzendariak aipatu du sari hau jasotzea «oso gauza polita» dela Atx bezalako konpainia txiki batentzat. «Testuko euskara sorkuntza saritzen duen Euskal Herriko sari bakarra da –azpimarratu du–, oso ibilbide polita izan da hasieratik».

Izan ere, elkarlanean sortutako pieza izan da, gidoirik gabe abiatu zirelako. «Etxean egositako proiektu bat izan da», aipatu du. Oholtza gainean aritzen diren hiru aktoreak Estibaliz Villa, Miriam K. Martxante eta Aiora Sedano dira. Azken honek esan duenez, inprobisazioekin hasi ziren lanean. «Zazpi bekatuak, gaiztakeriak… horiei buruz hasi ginen testuak idazten. Prozesu luzea izan zen askotan inprobisazioak ez duelako askorako balio. Guk emandako ideiekin zuzendariak dramaturgia bat osatu behar du. Gu hirurok asko disfrutatzen dugu, eta horregatik itzela izan da sari hau jasotzea sinestetn dugun proiektu batengatik», adierazi du.

Ikuskizuna «punki komedia feminista» bezala deskribatzen dute. Mary Shelley-ren ‘Frankenstein’ lanaren urteurrena, zazpi bekatu nagusien gaia eta emakumeen aldarrikapenak batu dituzte bertan; zazpi bekatuak elkartuz, superpekataria den munstro bat sortzen dute jendearen aurriritziekin amaitzeko asmoz. «Zazpiak bat» euskal lurraldetasunaren ikurra bilakatu den arren, ez du horrekin zerikusirik eta hitz jolas bat besterik ez da.

Atx teatroko ekoizlea den Naia Muñozen esanetan, «jendeak barre egiten du eta oso ondo funzionatzen du. Diskurtsoa hor dago, baina umorea dagoenez publikoa erlaxatu egiten da». Ziarrustarentzat, duela urte batzuk «gauza kontzeptualak» oso modan zeuden, baina azken aldian «badirudi sailpatzeko arazoak ematen dituztela». Hala ere, euren antzezlanak harrera ona izan duela argitu du.

Zuzendariaren esanetan, sari honek «euskaraz egindako testuak behar duen espazioa aldarrikatzen du». Kontatu duenez, Donostian errazagoa zaie euskarazko lanak eskaintzean baina Euskal Herri osoan egoera ez da berdina, eta «hizkuntza politika batzuk penagarriak dira». Euskaraz lana egiten duen konpainia izanik, euren ekoizpenek duten ibilbidea mugatua da.

‘7ak bat’ lanak oraindik bere ibilbidea izango duen arren, uste dute aurten eskainiko dituztela azken ikuskizunak. «Gu euskaraz aritzen gara soilik eta publikoa murritza da. Merkatua oso txikia da eta guk ate guztiak jotzen ditugu. Batzuk baiezkoa ematen digute, beste batzuk ezezkoa, eta horregatik ia urte batean aukera guztiak agortzen ditugu», esan du Ziarrustak.

Muñozek esan duenez, Atx beti saiatzen da ikuskizun bakoitzean erronka bat hartzen. «Kasu honetan testurik gabe hastea izan zen. Ikuskizun berrian familia osorako antzezlana prestatu dugu. Animatzen zaituzten ‘Kaskarot’ ikuskizun berria ikustera etortzea», aprobetxatu du esateko.

Sariketa hau 2000. urtean hasi zen euskarazko sorkuntza Donostiako programazioan sustatzeko asmoz. Eta badirudi bide onetik joan direla, lehen edizioan 13 emanaldi eta 2.456 ikusle izan zirelako, 2019ko 48 emanaldi eta 9.522 ikusleekin alderatuz. Urtez urte gero eta gehiago izan dira euskarazko antzezlan saioak helduentzat hirian. Donostiako Kultura zinegotzia den Ion Insaustik esan duenez, «apustu ona» izan da sariketa eta horrekin aurrera egingo dute.