naiz

Berdintasunaren alde lan egin duten belaunaldien arteko «katea» erakutsi nahi du Emakundek M8an

Martxoaren 8aren karietara kanpaina bat abiatu du Emakundek, iraganean berdintasunaren alde lan egin duten emakumeak omentzea helburu. Ideia horri eutsita, erakutsi nahi du emakumeen eskubideen defentsa atzetik datorren «kate» baten segida dela. «Katerik gabe, katean» da leloa.

Emakundek M8rako kanpainan atera duen kartela. (Emakunde)
Emakundek M8rako kanpainan atera duen kartela. (Emakunde)

Astelehenean aurkeztu du Emakundek «Katerik gabe, katean» kanpaina, eta martxan izango du martxoaren 10era arte, komunikabide, sare sozial eta bestelako euskarrietan.

Aurten Emakumeen Nazioarteko Egunean indartu nahi den ideia da etorkizunaren eraikuntza hertsiki lotuta dagoela iraganari, eta halaxe nabarmendu du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak.

Kanpaina honek «iraganean eskubideak lortzen eta berdintasunaren aldeko urratsak ematen joan diren emakume guztiei egiten die omenaldia, eta belaunaldi berriei dei bat egiten die, kateari jarraipena emateko eta emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitzeko», Landaidak azaldu duenez.

Kate hori elkarlotzen segitzeko abaguneaz gain, martxoaren 8a «belaunaldi arteko elkargunea» izatea nahi du Emakundek.

Iraganera begira

Izaskun Landaidak zehaztu du emakumeen eskubideekin zerikusia duten gertaera garrantzitsuak oroituko dituztela kanpainaren bitartez. Gogoraraziko dute, adibidez, aurten Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena edo Berdintasunerako Euskal Legea onartu zeneko 15. urteurrena dela.

Ildo horretan, Emakundek aurten parte hartuko du NBE Emakumeak erakundeak bultzatutako "Berdintasunaren belaunaldia: emakumeen eskubideen eta etorkizun berdinzale baten alde" kanpainan. «Kanpaina horren bidez, duela bi hamarkada baino gehiago Beijingo Ekintza Plataformaren sorreran ezinbestekoak izan ziren ekintzaileak eta belaunaldi berrietakoak biltzen ari dira», azpimarratu du Landaidak.