Martxelo DIAZ

Iruñeko inauterietan izandako polizia jarduera Nafarroan azaltzea eskatu dio EH Bilduk Arastiri

Gobernu espainolaren ordezkari Jose Luis Arasti ostiralean Iruñeko inauterietan izandako poliziaren jarduera Nafarroako Parlamentuan azaltzeko eskaera erregistratu du gaur. Hamalau urteko neska bat zauritua suertatu zen poliziaren furgoneta batek San Frantziskon harrapatu ondoren, lekuko ugarik azaldu dutenez.

Zauritutako neska, komisaldegitik ospitalera eraman zuten unean.
Zauritutako neska, komisaldegitik ospitalera eraman zuten unean.

Iruñeko Alde Zaharreko inauterietan jazotakoaz Jose Luis Arasti Gobernu espainolaren ordezkaria Nafarroako Parlamentuan azalpenak ematea nahi du EH Bilduk. Horretarako, gaur eskaera bat aurkeztu du Ganbaren erregistroan. Hurrengo asteleheneko Mahai eta Eledunen Batzarrean aztertuko da.

Onartzen bada ere, Gobernu espainoleko ordezkariek uko egin izan diote Nafarroako Parlamentuan agertzeari, soilik Estatuko aginteen aurrean erantzuten dutela argudiatuz. Horrela, egin zuen adibidez Carmen Albak sanferminetan zezen plazako hesian egon zenean.

EH Bilduk Madrilgo Kongresuan ere azalpenak eskatu ditu. Kasu honetan, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari zuzendu dizkio galderak Jon Inarritu diputatuak.

EH Bildu Nafarroako eledun Adolfo Araizek «erabat onartezina eta neurrigabekotzat» jo du Polizia espainolaren jarduera Iruñeko Alde Zaharrean. Ukatu egin du gazteak makilak eskuetan zituztenik, sindikatu polizial batek eta eskuin muturreko komunikabide batek zabaldu duten bezala. Gazteok inauteri giroan zeuden, moxaurrez jantzita eta Polizia espainola beren kontra oldartu zen sutsuki, Araizek nabarmendu duenez.

Hamalau urteko neska zauritua

Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentari gertatutakoaren lekuko izan zen. NAIZi azaldu dionez, ostiral arratsean San Frantzisko plazatik Poliziaren furgonetak ziztu bizian ikusi zituen. Honekin batera, hamalau urteko neska bat zauritua ikusi zuen ere. Polizia espainolak neska hau atxilotzen ari zen.

Ramirezek anbulantzia bat eskatu zuen eta polizia-indarra nork zuzentzen zuen galdetu zuen. Neska zauritua zela agerikoa bazen ere, poliziek furgonetan sartu zuten eta General Chinchilla kaleko komisaldegira eraman zuten. Komisaldegira joan zen EH Bilduko parlamentaria zaintza medikua behar zuen adin gutxiko pertsona bat atxilotu zutela leporatzeko. Komisaldegitik, azkenean, anbulantziaz ospitalera eraman zuten.

«Orain dakigunez, zauri serioak ditu. Horrelako gertakariak ezin dira inolaz ere jazo», gaineratu du Ramirezek. Iturri desberdinek azaldu dutenez, neskak pelbis hezurra hautsita du.

Iruñeko Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak (AZGM) ere bertsio honekin bat egiten du. Ohar batean azaldu dutenez, auzoko gazte talde bat «beti bezala taberna zein negozio ezberdinetan sartu ziren auzoari jakinaraztako inauteriak iritsi direla». Moxaurrez jantzita zeuden, hau da, Nafarroako inauterietako jantzi tradizional batekin.

AZGMren salaketa

Gauzak horrela, «badirudi salatari batek ez zuela ulertu niola diren gure euskal inauteriak» eta Poliziari deitu zion. Une horietan, ostiral arratsean, Alde Zaharrean adin oso txikiko ume ugari jolasean zeudela nabarmendu du AZGMk. San Frantziskon hamalau urteko neska furgoneta batek harrapatu zuela eta ospitalera eraman beharrean komisaldegira eraman zutela salatu dute auzoko gazteek.

Honekin batera, poliziak 14-15 urteko gazteen atzetik ibili zirela salatu dute. «‘Ahora somos nosotros los que os vamos a pegaros’ bezalakoak esaten». Honez gain, azalpenak eskatzera hurbildu ziren gurasoen kontra oldartu zirela gaineratu du AZGMk.

«Argi daukagu, hau ez dela gertakari isolatu bat. Zoritxarrez gure auzoan horrelako gertakariak ohikoak izaten hasi dira (Maravillas auzia, narkopisua, grebako atxiloketak eta istiluak, polizien identifikazioak, ...). Haien urduritasuna eta gure aurkako jazarpena auzoan zerbait ongi egiten ari garen seinale dela deritzogu», adierazi du AZGMk.