NAIZ

Lau zabortegi publikoak (Epele barne) hondakinak hartzeko prest direla esan du Ingurumen Sailak

Urtero 500.000 tonatik gora hondakin hartzen ari zen Zaldibarko zabortegia. Kopuru hori aurrerantzean nola banatu aztertzen ari da Lakua. Lau zabortegi publikoek prestutasuna agertu omen dute. Itxita zegoen Epele berrirekiko dela eman du aditzera Ingurumen Sailak.

Gardelegi zabortegia, Gasteizko Udalekoa. (Juanan RUIZ | FOKU)
Gardelegi zabortegia, Gasteizko Udalekoa. (Juanan RUIZ | FOKU)

21 zabortegi daude EAEn, baina hondakin guztien laurdena hartzen ari zen bat bakarra –Zaldibarkoa– azken urteotan: 500.000 tonatik gora jaso zuen 2018an zein 2019an. Hondamendia gertatu ostean, arazo nagusietako bat da non hartuko dituzten hondakin horiek guztiak. Kezkaturik agertu da Ingurumen Sailak pasa den astean, baina gaur astelehenean EAEko lau zabortegi publikoek laguntza emateko prest direla txalotu du, eta banaketa egiten hasteko urratsa eman du.

Elena Moreno sailburuordeak onartu duen ebazpenean, zabortegi hauen prestutasuna eskertu du eta industria-enpresak askok dituzten hondakinak epe labur eta ertainean hartzeko zer gaitasuna duten zehazteko eskatu die.

Bizkaiko Foru Aldundiaren esku diren Jata-Lemoiz eta Artigas, Debagoienako Mankomunitateko Epele eta Gasteizko Udaleko Gardelegi dira orain arte Zaldibarrera zihoazen hondakinak hartzeko prest direnak, beti ere Lakuaren esanetan. Epele itxita dagoela ekarri zuten gogora aurreko astean bertako agintariek, baina berrirekiko dela aditzera ematen du Lakuak. Joan den astean, Epele kudeatzen duen Debagoienako Mankomunitateak nabarmendu zuenez, Lakuaren eskaera jasotzen badute aztertuko dute. Halere, Epele 2018tik itxita dagoela eta Debagoienako industria eta eraikuntza hondakin ez arriskutsuak biltzeko prestatu zutela gogoratu dute. Beraz, ez amiantorik ez Zaldibarko beste hondakinik ezingo lirateke bertara eraman, Debagoienako Mankomunitatearen arabera.

«Erakunde horiek jakinarazi dutenez, zenbait egokitzapen eginez gero, haien instalazioak ere labur edo ertainean honako hondakin kopuru hauek hartzeko gaitasuna izango lukete: Jata-Lemoizek eta Artigasek 550.000 tona; Epelek, martxan jarri ondoren, 350.000 tona; eta Gardelegik milioi bat metro kubiko», adierazi du Ingurumen Sailak.

Ingurumen Sailak erantsi duenez, «zabortegi horretara eraman beharreko hondakinak soilik hondakin ez-arriskutsuak izango dira, hau da, enpresek eta kudeatzaileek Zaldibarren uzten zituztenak». Gogoan hartu behar da amiantoa bera ez-arriskutsutzat hartzen dela legedian, zabortegi horietan behar bezala gordeta egonez gero.