Asuncion klinikako lan baldintzak eta kalitatea «behingoz» bermatzea eskatu dio ELAk Lakuari

Tolosaldeko Asuncion klinikako langileen lan baldintzak eta osasun-zerbitzuaren kalitatea bermatzea exijitzen dio ELAk Lakuari. Eskualdeko osasun-arreta publikoa klinika pribatu honen bitartez ematen du Gasteizko Gobernuak eta hortaz, horren gaineko erantzukizun guztia daukala gogorarazi dio. 

NAIZ|Tolosa|26/02/2020
Laasuncion
Tolosako Asuncion klinikaren irudia. (Jon URBE / FOKU)

Lakuak Tolosaldeko osasun-arreta publikoa La Asuncion klinika pribatuaren bitartez ematen du eta hortaz, honen gaineko erantzukizun guztia daukala gogorarazi dio ELAk Lakuako Gobernuari. «Egoera larria da, langileen eskasia eta lan baldintza txarrek osasun zerbitzuaren kalitatean eragina dutelako, eta erabiltzaileen osasuna arriskuan dagoelako», ohartarazi du sindikatuak, egunotan hedabide batzuek argitaratutako informazio batzuen harira.

ELAk zehaztu duenaren arabera, inguruko beste ospitale batzuekin alderatuta –Bidasoako Ospitalea edo Zumarragako ospitalea–, Tolosako klinikan heren bat langile gutxiago daude lanean.

«Egoera honi langileen lan baldintza txarrak eta klinikaren jabeen arduragabekeria gehitu behar zaizkio, etengabe medikuak eta erizainak klinika uzteaz gain, kaleratzeak oso ohikoak dira», azpimarratu du. Horiek horrela, langileen lan baldintzak eta osasun-zerbitzuaren kalitatea «behingoz» bermatzea exijitu dio ELAk.

Osasun Sailaren «borondaterik eza»

Sindikatuak adierazi du behin baino gehiagotan eskatu diola Osasun Sailari ospitale horretako jarraipena egitea baina ez duela inoiz horretarako «borondaterik» erakutsi. Horrez gain, Arartekoarekin, Gipuzkoako Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzako delegatuarekin eta OSI-arekin harremanetan jarri izan da baina deitoratu du ez dutela erantzunik jaso.

Lakuak osasun-zerbitzua «pribatizatzea» aukeratu duela nabarmendu du ELAk eta honek, onura ekonomikoen mesedetan, ondorio zuzenak eragiten dituela: kalitatea murriztea, langileen lan baldintzak txartzea eta Lakuak zerbitzuaren gaineko kontrola galtzea.

«Atzera bueltarik ez duen ezbehar bat gertatu baino lehen» Lakuako Gobernuak neurriak hartu beharko dituela ohartarazi du sindikatuak.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.