Amaia U. Lasagabaster

Levanteren aurkako partida «oso garrantzitsua bai baina ez da final bat», Mendilibarren esanetan

Ipuruan jarraian jokatuko diren hiru norgehiagoken garrantzia azpimarratu du entrenatzaile armaginak. Kike García eta Bigas deialdian sartu dira.

2019ko azken partidan lesionatu ondoren, Kike deialdira itzuli da. (Juan Carlos Ruiz/Foku)
2019ko azken partidan lesionatu ondoren, Kike deialdira itzuli da. (Juan Carlos Ruiz/Foku)

Azken bi partidak galdu ditu, aurreko biak berdindu eta jaitsierarekiko abantaila bi puntukoa besterik ez da, baina Eibarrek Levanteren aurka bihar jokatuko duen norgehiagoka «ez da final bat», José Luis Mendilibarren esanetan. «Oso garrantzitsua da baina ez da final bat, oraindik partida asko eta aukera asko geratzen direlako. Finala izango litzateke denboraldiko azken partida nahi ta nahiez irabazi behar duzu. Helburua, izan ere, horrelako finalik jokatu behar ez izatea da. Eta horretarako, dena jarri behar dugu gure aldetik, ahalegina, konzentrazioa…, dena, partida hau irabazteko».

Hau eta hurrengo biak (Mallorca eta Realaren aurkakoak), hirurak jokatzen baitira Ipuruan «eta argi dago etxean hobe gaudela, kanpoan gehiago kostatzen zaigun bitartean –onartu du entrenatzaile armaginak–. Ipuruan egin ditugun azken hiru partidak onak izan dira; desberdinak euren artean baina, orokorrean, onak. Eta ibilbide horri jarraitu behar diogu, atzekoak atzeratzeko baina baita aurrekoei gerturatzeko ere, garrantzitsua baita aurretik dituzun taldeak oso urrun ez ikustea».

Levanteri dagokionez, Mendilibarrek «talde ausarta» eta «egiten duenarekin konbentzituta dagoen taldea» dela azpimarratu du.

Neurketaren aurretik albiste onak izan ditu entrenatzaileak: Bigas eta azken sei jardunaldiak galdu dituen Kike Garcia, errekuperatu eta deialdian sartu dira. Izan ere, orain arte egin ezin izan duena egin behar izan du Mendilibarrek, bost jokalari bidali harmailetara. Correa, Tejero, Soares, Quique eta, deigarriena, Inui geratu dira deialditik kanpo, Ramis lesionatuarekin batera.