NAIZ

Hitza betetzeko eskatu diote Donostiako Udalari Parte Zaharreko hainbat eragilek

Donostiako Parte Zaharrean Bizi elkarteak eta beste 14 eragilek auzoak Kijera Gaztetxea eta Kaialde eraikina behar dituela aldarrikatu dute, eta Udalari Kijera berriz ere irekitzeko aukera emateko eskatu diote.

Eragileek defendatu dutenez, Kijera gaztetxea auzoak ekipamenduetan dituen gabezia kronikoei erantzuten aritu da azken bi urteotan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Eragileek defendatu dutenez, Kijera gaztetxea auzoak ekipamenduetan dituen gabezia kronikoei erantzuten aritu da azken bi urteotan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak eta beste 14 eragilek agerraldia egin dute larunbat honetan Donostiako Plaza Berrian.

Azaldu dutenez, pairatzen ari den bilakaera dela-eta (turistifikazio masiboaren ondorioak, auzotarren alde egitea eta biztanleen galera, adinez zahartzea...), bere izaerari eta auzo-bizitzari eutsi eta indartzeko premia larria du Parte Zaharrak eta horretarako, besteak beste, adin ezberdinetako auzotarrok elkartzeko, eztabaidatzeko, sortzeko eta harremanak saretzeko ekipamenduak behar ditu.

«Gune horien bila egindako ibilbidea luzea da eta beti oztopo berarekin egin dugu topo, erantzun bera eman digute behin eta berriz: Alde Zaharrak ez duela honelako eskaintza berma dezakeen eraikinik», adierazi dute.

Bitartean, egunez egun auzoak bizi duen egoerak okerrera egiten segitzen duela uste dute. «Etxebizitzen prezioek gora eta gora jarraitzen dute, turismoari eskainitako eraikin osoak ugaritzen ari dira, betiko denda eta taberna ugari itxi beharrean, negozio pribatuak irentsitako espazio publikoa gero eta handiagoa, eraikin publikoetan ez dago sekula auzo erabilerarako tokirik (Bretxa, San Telmo, Moilako Portaviones eraikina, Santa Teresa...). Gentrifikazioaren gaitzak jota dago auzoa».

Kijera gaztetxea eta Kaialde eraikina

Egoera honetan, auzoak Kijera Gaztetxea eta Kaialde eraikina behar dituela aldarrikatu dute. Esan dutenez, gaztetxea, bere neurrian, auzoak ekipamenduetan dituen gabezia kronikoei erantzuten aritu da azken bi urteotan.

«2018ko irailaz geroztik, Kijeraren inguruan sortutako ekimenak eta dinamikak auzotarron zenbait premia (gazteonak, bereziki) asetzen ari ziren eta alkatea zesioaz hitz egiteko prest agertu zenetik elkarrizketa bideari ekin genion. Horretarako, auzoko hainbat eragilez osatutako mahaia izan da udalarekin elkartu eta akordioa lantzeaz arduratu dena», agertu dute.

«Azken hilabeteotan auzoko lan mahaiaren eta udal ordezkarien artean sortutako elkarrizketa prozesuan emandako pausoak kontuan hartuta, zesio-akordiorako baldintzetan adostasunera ailegatzen ari ginela ematen zuen, ekimen eta dinamika horiek kontsolidatzeko aukera irekitzen ari zela baitzirudien». Baina «Udal Gobernuak hitza jan du. Elkarrizketa eta lankidetza zapuztu ditu».

Auzotarron batzarraren ordezkariek bilera eskatu zioten Udal Gobernuari Kijera Gaztetxean sortu berria zen arazo baten berri eman eta irtenbide egokiena elkarren artean bilatzeko. Bilera abenduaren 23an egin zuten, alkatetzako bi ordezkari eta lan mahaiaren zenbait kide elkartu ziren.

Egoeraren berri eman zieten udal ordezkariei eta arazoaren ebazpena udalaren esku uztea egokiena zela ikusi zuten. «Udalaren esku hartzea errazteko Kijera Gaztetxearen giltzak utzi genizkien udal ordezkariei eta haiek baieztatu eta berretsi zuten arazoa konpondutakoan giltzak bueltatuko zizkigutela. Gainera, Kijera Gaztetxeko kideak haien ohiko dinamikei berrekin ahal izango zietela eta Kaialde eraikinaren zesioa aztertzeko prozesuarekin aurrera jarraituko genuela ziurtatu ziguten agendan aurreikusita genuen
urtarrilaren 14ko bileran».

Udalaren erabakia

Bilera hartan, ordea, «Udalaren jarrera erabat aldatu zen» eta ordura arte adostear zegoen eraikinaren zesioa bertan behera gelditu zen. «Kaialde eraikinak egitura arazo larriak zituela adierazi zigun eta arazo horiek ezinezko egiten zutela Kijera Gaztetxeak bertan jarraitzea eta bukatutzat ematen zuela azken hilabeteetan lantzen aritu ginen zesio-akordioaren bidea. Halaber, esan ziguten arazo tekniko horiek zeintzuk ziren zehaztasunez azalduko zizkigutela otsailean egingo genuen bilera batean (udal teknikariak behin betiko txostena amaitutakoan)».

Udalaren erabaki horrek eta bozeramaleak erakutsitako jarrerak proiektu horren inguruan piztutako itxaropenak zapuztu dituela azaldu dute. «Kolpe bakarrean auzoa ezer gabe utzi dute eta aurreikuspenik ezkorrenak bete dira, egindako bidea pikutara bidaliz».

Gaineratu dutenez, alkatetzak ez ditu agindutako otsaileko bilerara deitu eta ez die txosten teknikorik erakutsi. Honenbestez, dei egin diote Udal Gobernuari okertutako bidea zuzendu eta hitz emandakoa bete dezan, Kijera berriz ere irekitzeko aukera eman eta lehenbailehen adostear zuten zesio-akordioa sina dezan.