Amagoia Mujika Telleria

‘Programa dezagun mundua morez’, GAUR8ko Teknologiako artikuluen bilduma egin du EHUk

2014ko urritik, UPV/EHUko Informatika Fakultateko E-makumeak taldeak leiho propioa dauka GAUR8 astekarian. Teknologiaren ertz desberdinak agertzen dituzte bertan hilabetez hilabete, emakume begietatik. Martxoaren 8aren aitzakian, 2018 eta 2019ko ekarpenak bildu eta ale berezia josi dute. Sarean dago eskura.

E-makumeak taldea
E-makumeak taldea

UPV/EHUko Informatika Fakultateko E-makumeak taldeak urteak daramatza barrutik eragiten, oraindik arlo batzuk ‘gizonezkoenak’ direla barneratuta daukan jendartean zirrikituak sortu nahian. Bide horretan, 2014 urtetik daramate emakume informatikariek GAUR8 astekarian kolaboratzen. Hilabetez hilabete, etengabe eta azkar mugitzen den teknologiaren inguruko hausnarketa pausatua eskaintzen dute GAUR8n. Martxoaren 8 honetan, 2018 eta 2019 urteetan bildutakoak ale bakarrean jaso eta sarean jarri dute bilduma, interesa duenak lasai begira dezan.

Guztira 25 artikulu, adituek landuak, emakumeak guztiak: Programatzen ikasteak daukan garrantziaz, horrekin lantzen diren gaitasunez aritzen dira; «ulertzen al du Googlek zer aurkitu nahi dugun?» galderari erantzuten saiatzen dira; datuak hodeian gordetzearen abantailez eta arriskuez hitz egiten dute; konputazio fisiologikoa zer den azaltzen dute –gure nerbio-sistema zentraletik zuzenean datuak jasotzea–; pertsonen eta konputagailuen arteko elkarrizketa sistemak azaltzen dituzte; pasahitzak behin eta berriz ahazten dituenarentzat aholkuak eskaintzen dituzte...

Askotariko gaiak zorroztasunez lantzen dituzte E-makumeak taldekoek GAUR8 astekarian. Eta, noski, betaurreko moreak jantzita. Teknologia alorrean ere bada #NiEreBai mugimendua eta horren nondik norakoak ere azaltzen ditu bildumako artikulu batek. Informatikaren alorrean, beste askotan bezala, izan dira historian barna ekarpen oso garrantzitsuak egin dituzten emakumeak. Baina horien berri ez da kontatu, bigarren lerroko bihurtu dira. Horiek eta beren ekarpenak bistara ekartzen dituzte E-makumeak taldekoek. Esandakoa, informazio zorrotza eta interesgarria honako bilduman