Naiz

Gutun Zuria jaialdiak saiakera liburu kolektibo bat argitaratuko du datorren urtean

Aurtengo edizioa bertan behera gelditu denez, parte hartu behar zuten egileen artean saiakera bat idatziko dute. Era berean, Alondegiak jaialdirako aurreikusiak zeuden hainbat jarduera bere hezkuntza programan sartuko ditu.

Aurtengo edizioaren aurkezpena, duela bi aste. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Aurtengo edizioaren aurkezpena, duela bi aste. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiak, Alondegiak antolatzen duena, bere formatua aldatuko du aurten publiko desberdinetara hurbildu ala izateko.

Martxoaren 31tik apirilaren 4ra ospatzea zegoen aurreikusia, ohiko formatuan aurreikusia, baina egungo egoeraren ondorioz forman eta denboran banatutako proposamen batean bilakatu da. Hori dela eta, jaialdian parte hartu behar zuten egileen artean saiakera liburu kolektibo bat idatziko dute, datorren urtean argitaratuko dena.

Liburuan gai desberdinen inguruko artikuluak zein egungo erralitateari buruzko gogoetak bilduko dira. Parte-hartzaile bakoitzak testu bat proposatuko du, bere ikuspegi partikularretatik abiatuta balioa erantsiz.

Bestalde, edizio honetan aurreikusita zeuden jardueretako batzuk zentroko programazio egonkorraren eta hezkuntza programazioaren parte izango dira.

Alondegiak, gainera, aurten parte hartuko zuten autoreekin egindako hitzorduetako batzuk hurrengo ediziora pasatzeko aukera aurreikusten du.

Gutun Zuria 2020-2021

Iaz hasitako ildoarekin lotuz, Gutun Zurian hitza literatur sistematik haratago doa, liburuen orrien muga gainditzen du eta musika, artea, ahotsa, argitalpena edo ilustrazioa bezalako diziplinekin elkarrizketa sorrarazten du.

Oraingo honetan, topaketa saiakera kolektibo gisa proposatzen zen, gizartean gertatzen ari diren eraldaketetara hurbiltzeko, zenbait euskarritatik. Hala, Big Dataz edo feminismoaz hitz egiteko proposamenak egin ziren, baita duintasunaz, arte praktikaz, traparen filosofia millenialaz, mutazio betean dagoen euskal literaturaz, transkultura eta transexualitateaz, fikzio eta egiaz, testu eta gorputzaz...

Eider Rodriguez, Katixa Agirre, Aixa de la Cruz, Anjel Lertxundi, Aingeru Epaltza, Ainara Legardón, Xabier Erkizia, Ixiar Rozas, Consonni, Txakur Gorria, Anari, Iñigo Astiz, Mari Luz Esteban, Paul B. Preciado, Ernesto Castro, Javier Gomá, Max, Marta Rebón, Maite Larrauri, Cristina de la Cruz, Marta Peirano, Patrick McGrath, Alexei Yurchack, Damián Tabarovsky, Alma Guillermoprieto eta Martha Rosler dira liburu kolektiboan parte hartuko duten egileak.

GutunZuria #AZEtxean

Bestalde, hitzaren inguruko nazioarteko topaketak presentzia nabarmena izango du Alondegiak abian jarri duen #AzEtxean ekimenean, Covid-19ak agindutako alarma-egoeran programazioarekin jarraitzeko.

Martxoaren 31tik apirilaren 5era, jaialdiari buruzko programazio berezia egingo du, aurreko urteetako ikus-entzunezko materialaren bidez. Gaur egun protagonismo berritua hartzen duten elkarrizketa eta gaiei buruzko begirada itzultzeko aukera bat, hala nola, mugak, natura edo sekretuak; eta gaur egungo unea hausnartzen eta gainditzen lagun diezaguketen esperientzietara hurbiltzeko aukera.