Naiz

Gay sauna batean gertatzen direnak kontatzen ditu «Lurrun minez» antzezlanak

Iazko Cafe Bar Bilbao gidoi saria irabazi zuen Galder Perezek bere testuarekin, eta orain Olatz Gorrotxategik gidoi hori eskuan antzezlana zuzendu du. Joseba B. Lenoirrek jarri du musika, eta Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano igo dira taula gainera. Gaur, Nazioarteko Teatroaren Egunean zen estreinatzekoa.

Protagonistetako bat «saunako» lurrean etzanda.(NAIZ)
Protagonistetako bat «saunako» lurrean etzanda.(NAIZ)

Gay sauna batean gertatzen den hiru gizonen arteko ezusteko topaketa da ‘Lurrun mine’, Galder Perezek sortutako testuan oinarritutako antzezlana. Ostiralean Bilboko Loraldia jaialdian zehar zen estreinatzekoa, Nazioarteko Teatro Egunean, baina osasun egoera dela eta aurreragorako utzi beharko dute. Hala ere, martxoak 6an La Fundición aetoan aurre estreinaldia antolatu zuten eta bertan, egileek adierazi dutenez, ikuslegoaren galdera eta iradokizunei erantzun ahal izan zizkieten, «oso harrera ona jasoz».

«Hiru marine arteko drama psiokologikoa, sozial eta sexuala» bezala definitzen dute antzezlana. Protagonisten duten topaketa horretan hainbat gaiez mintzatuko dira: «beharrezkoa ote da identitatearen etiketa? Edo dena justifikatu eta azaldu beharra ez ote da bestelako boterearengandik jasotako herentzia kontserbadore patriarkala?».

Saunaren lurrun artean desioak, jaia, frustazioak, erakarpen sexualak, boterea eta beste hamaika kontu nahastuko dira, eta obrak harremanen nondik norakoak, boterea eta gizakiok sexualki erabiltzen ditugun mekanismoak aztertuko ditu.

Galder Perezek azaldu duenez, mina ere oso presente dago istorioan. Aktoreek –Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano– hiruki sozial, erotiko eta politikoa osatzen dute, eta espazio horretan nahastuko dira desioa, pasioa, boterea eta bortizkeria.

Gabon gaua da testuingurua, «parranda eta orgia moduko bat» izan beharko lukena, baina hirukiak eztanda egingo du eta hiru erpin izatetik, hamaika izatera pasako da.

Lanak iazko Cafe Bar Bilbao gidoi saria jaso zuen, eta hori garatzen ibili dira urtean zehar. Testutik abiatuta plastizidade eta antzerkigintza garaikidearekin kontatzen dute istorioa. Olatz Gorrotxategik zuzentzen du lana: «Antzezlanean zehar dekoratua biratzeko aukeraz baliatu gara. Modu honetan, ikusleak eszena beste leku batetik ulertu eta sentituko du . Pertsonaien izaerarekin enpatia izanik, pertsonaiak ulertu eta sentitzeko  bidea ireki nahi izan dugu», azaldu du.

Musika, berriz, Joseba B. Lenoirren esku utzi dute. Honek zuzenean sortzen ditu soinuak, zeintzuk eszenan gertatzen ari diren birak iradokitzen dituzten.