Industria etetearen aurka den presidente bakarra izango al da Urkullu? Hauxe esan dio Sanchezi

Igande honetan 12etatik aurrera autonomietako presidenteek egin behar duten bilerari begira gutun publikoa kaleratu du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, Pedro Sanchezi zuzenduta. Industria etetearen aurka agertzen da berriz, zenbait kontu bihurrituz. Baliteke bilkuran horri eusten dion bakarra izatea.

Ramon SOLA|29/03/2020
Urkullu
Urkullu, aurreko bilera telematiko batean. (IREKIA)

Eguerditik aurrera bilera telematikoa egingo dute berriz Pedro Sanchez espainiar presidenteak eta elkarte autonomoetako agintari guztiek, koronabirusari aurre egiteko azken neurriak eztabaidatzeko, eta hitzordua berotzen ari da EAEko Iñigo Urkullu, larunbatean Madrildik agindu den industria jarduera (ezinbestekoa ez dena) bi astez etetearen kontra segitzen du eta.

Hola eman du adieraztera Urkulluk, Sanchezi igorritako gutun batean. Publikoa egitea erabaki du. Ezinbesteko sektoreak zeintzuk diren Gobernu espainolak dekretuaren zirriborroan argi utzi duen arren, osasun-materiala ekoizteko edo elikagaien alorrean trabak eragiteko arriskua badela aipatzen du Lakuako Gobernuburuak. «Kontuan izan osasun-materiala ekoizten laguntzen ari diren enpresei ere eragingo dion neurri orokor bat interpretatzea zaila izango dela, ekoizpen hauek administrazio publikoek bultzatuta ari dira egiten ere; kontuan izan argiak ez diren neurri batzuek oinarrizko sektoreen balio-katean izan dezaketen eragina, hala nola elikadurarenean; kontuan izanik orain arte hartutako neurriek mugikortasun-murrizketan izan duten eragina; kontuan izanik beste herrialde batzuetan jarduera irekita mantentzen dela eta horrek hemengo enpresen lehiakortasunari eragingo diela», aipatzen du besteak beste. Eta jarraian, zein ekimen ekonomiko den funtzeskoa eta zein ez, elkarte autonomo bakoitzak erabakitzea planteatzen du.

Horren aipamenik gutunean ez badago ere, beste mezu batzuen bitartez Zaldibarren erreskate lanekin aurrera segitzeko «baimena» eskatu zaiola Sanchezi ari da aurreratzen Urkullu Gobernua. Industria jarduera mantentzeko Zaldibar argudio –edo aitzakia– bezala erabiltzeko asmoa jada iragarri zuen EAJko agintari Koldo Mediavillaren gutunak, larunbatean.

Bestelako kritikak ere eransten ditu Urkulluk –larunbat arratsaldean iragarri izana, esaterako–. Eta eskutitzaren batera bere egoneza adierazi du, Sanchezek aurretik horren berri eman ez diolako edota gaurko bilera 10etatik 12etara aldatu duelako. Zergatia bistan da: Ministro Kontseilua egiten ari da aurretik, hain zuzen ere beharrezko dekretu hori onartzeko.

Geroko bilkura horretan, daitekeena da kutsatzeko arrisku nabaria dakarren industria jarduera hori mantentzearen alde den solaskide bakarra Urkullu izatea. Izan ere, PSOEko mandatari autonomikoak (Nafarroako Maria Chivite barne) guztiz lerrokatu dira Sanchezen erabakiaren alde; PPk ere ontzat eman du neurria, azken egunetan jada planteatua zuelako; eta Kataluniako Quim Torra aintzindaria izan da erabaki hori aldarrikatzen, Euskal Herrian EH Bilduk egin duenaren antzera.

Hauxe da Urkulluk Sanchezi bidali dion eskutitza, euskarazko bertsioan:

«Presidente hori!

Ekarpen bat helarazteko idazten dizut, bihar Ministroen Kontseiluan Dekretua behin betiko idatzi eta onartu baino lehen kontuan hartu ahal izateko:

Kontuan izanik Autonomia Erkidego bakoitzean ekoizpen-ekonomiaren berezitasuna eta horrek BPGan duen eragina, bai eta hartutako neurriei gehitutako ondorioak ere, Alarmari buruzko Estatu Dekretua kendu ondoren izango direnak;

Kontuan izanik osasun-materiala ekoizten laguntzen ari diren enpresei ere eragingo dion neurri orokor bat interpretatzea zaila izango dela; ekoizpen hauek administrazio publikoek bultzatuta ari dira egiten ere;

Kontuan izanik argiak ez diren neurri batzuek oinarrizko sektoreen balio-katean izan dezaketen eragina, hala nola elikadurarenean;

Kontuan izanik orain arte hartutako neurriek mugikortasun-murrizketan izan duten eragina;

Kontuan izanik beste herrialde batzuetan jarduera irekita mantentzen dela eta horrek hemengo enpresen lehiakortasunari eragingo diela;

Kontuan izanik larunbat arratsalde batean iragarritako eta asteburu baten ondoren abian jarriko den Dekretuaren zailtasun operatiboa;

Osasun Publikoan oinarritutako irizpideak kontuan izanik, osasun-agintarien jarraibideen arabera, horietan ere Autonomia Erkidego guztiak oinarritzen garela;

Autonomia Erkidego bakoitzak, Lurraldearen berezitasunak kontutan izanik, Elkarrizketa Sozialaren esparruan zehaztu eta erabaki ahal izatea jarduera kritikorako lagungarriak eta beharrezkoak diren jarduerak eta enpresak, Espainiako Gobernuak aldez aurretik horren berri izan ondoren».

INFOS ASSOCIÉES

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik. 

Josu OIAGA - FOKU
Loading player...


Haurrekin kalean jolasteko proposamenak dakartza astelehenetik ostiralera NAIZek argitaratuko dituen ‘Umeak kalean’ bideo sortak.

Eider ALTXU / FOKU
Loading player...


FOKUk ekoitzita eta Eider Altxuren eskutik, haurrekin jaki zaporetsu, osasungarri eta errazak prestatzeko bost saio eskainiko ditugu NAIZ.EUS-en, 12.30ean.

[Saio guztiak]

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA