Naiz
Gasteiz

Korterrazak etxetik gozatzeko jaialdi bat antolatu du

Gasteizen, aire librean ospatu ohi den film laburren lehiaketak internet bidezko ekimen bat proposatu du. Hala, denbora pasatzeko lau lehiaketa antolatu ditu jendeak istorioak eta musika partekatu ditzan ikusleekin.

2017ko Korterrazako saio bat Aramaion. (ARAMAIOKO UDALA)
2017ko Korterrazako saio bat Aramaion. (ARAMAIOKO UDALA)

Korterrazak Arabako biztanleek etxean pasatu behar duten denbora atseginagoa izatea nahi du. Hori dela eta, #Korterrazadesdecasa jaialdia abiatu du, non jendeak istorioak eta musika partekatu ahalko dituen, denbora pasatzeko.

Parte hartzaileek euren ipuinak sortu eta kontatzea nahi dute, baita jotzea gustatzen zaien kanten bertsioak egitea, imajinazioa landuz argazkiak ateratzea eta, noski, egun hauetan ere euren senideei eta lagunei maite dituztela adieraztea.

«Kultura Kalean! elkarteko jendeari udan Gasteizen antolatzen dugun Korterraza, kaleko film laburren lehiaketa, antolatzen harrapatu gaitu konfinamenduak», azaldu du ohar baten bidez Xabi Vitoria, ekimenaren antolatzaileak. «Hori dela eta otu zitzaigun jendea entretenitzeko eta euren istorioak etxean dauden beste pertsonekin partekatzeko jaialdia prestatu genezakela».

Lau lehiaketaz osatuta dago #Korterrazadesdecasa, eta jada martxan daude: bideo bat grabatu gustokoen duten ipuina kontatzen, narratzaile moduan, antzerki txiki bat prestatzen, mozorrotuta, panpinekin... estiloa librea da; terraza edo leihoetan jotzen duten musikarien bideoak; etxean ateratako argazki dibertigarriak (jaialdiak pautak ematen ditu argazki txukun bat egiteko); edo senideei maite ditugula esateko bideoak grabatu.

Bideo eta argazkiak bidaltzeko azken eguna apirilaren 12a izango da, eta irabazleak 18an emango dira ezagutzera. Lehen hiru kategorietan bozken bidez aukeratuko dira lanik onenak, eta azken kategorian, berriz, zozketa egingo da «maitasun adierazpide guztiak onak direlako».

Era berean, egoera honetaz ikasten ari garena partekatzeko sekzio bat ere prestatu dute. Bertan, jendeak bere gogoetak zabaldu ahalko ditu. «Garrantzitsua iruditzen zaigu egoera latz honetatik gure onena ateratzea eta ahalik eta gehien laguntzea. Ziur gaude denon artean lortuko dugula», azaldu du antolakuntzak.

Bestalde, gogoratu dute Korterraza film laburren lehiaketaren 11. edizioa Gasteizen egingo dela ekainaren 9tik 11ra, eta gero iraila bitartean Araba osotik bira egingo duela.