NAIZ

Koronabirusak 33 hildako eragin ditu Bizkaiko zahar etxeetan, Aldundiaren datuen arabera

Bizkaiko Aldundiaren datuen arabera, bere zahar etxeetako erabiltzaileen artean 159 koronabirus kasu eman dira dagoeneko, eta 33 pertsona hil dira. Langileen artean, 64 positibo zenbatu dira eta 338 daude isolamenduan.

El Arenal zahar egoitzaren langileak, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
El Arenal zahar egoitzaren langileak, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuak bere zahar etxeetan koronabirusaren eraginez hildako pertsonen datuak argitaratu ditu ostegun honetan. Aldundiak 10.748 plaza ditu, 155 egoitzatan banatuta.

Datu horien arabera, egoitzen erabiltzaileen artean 159 koronabirus kasu baieztatu dira dagoeneko. Horietatik 63 ospitalean daude. Horrez gain, Aldundiak dioenez, koronabirus bidezko infekzio kasuak artatzeko unitate berezitu soziosanitarioek 24 pertsona hartu dituzte dagoeneko, positibo emanda. 155 egoitzetatik, 29tan eman dira kutsatze kasuak.

Langileen artean 64 positibo batu dira, eta beste 338 isolamenduan daude koronabirusa dutenik konfirmatu gabe.

Horretaz gain, Bizkaiko Aldundiak herrialdeko bere zentroetan hildako pertsonen kopuru osoa eman du, urtearen eta hilabetearen arabera. Martxoan 182 pertsona hil dira, eta horietatik 33 izan dira koronobirusarengatik. Besteak, Aldundiak dioenez, Besteak gaitz anitzen ondorioz hil ziren. Urtarrilean 130 pertsona hil ziren, eta otsailean 134.

Aurreko urteekin alderatuta, 2019ko martxoan 105 pertsona hil ziren, 2018an 181, 2017an 118 eta 1016an 124. Aurtengoa azken bederatzi urteetako zifrarik altuena da.