Naiz
Usurbil

Usurbilek azpikontratatuta dituen zerbitzuak mantendu egingo ditu

Usurbilgo Udalak erabaki du lotuta zituen kontratuak mantentzea, eta ahal den neurrian presentzialki ez den moduen bitartez lan horiek egitea. Posible ez denean, kontratu horiek mantendu egingo dituzte hala ere, eta aurrerago garatuko dituzte ekimenak. Gainera, sortzaileei soldataren parte bat aurreratuko diete.

Judas Arrietaren murala, Usurbilen pintatu den azkena. (Gorka RUBIO / FOKU)
Judas Arrietaren murala, Usurbilen pintatu den azkena. (Gorka RUBIO / FOKU)

Usurbilgo Udalak erabaki du konfinamendua irauten duen bitartean ohiko aktibitatearekin jarraitu ezingo duen arren eta, beraz, azpikontratatutako jendeak lanik izango ez duen arren, kontratu horiek mantentzea.

Gainera, herritarrei ematen ari ez zaien zerbitzua ez kobratzea ebatzi dute. Hala, euren zerbitzua berregokitzeko aukera duten enpresek faktura ere moldatu beharko dute eskainitako zerbitzura egokituz. Era berean, Udalak sinatutako esleipenei dagokionez, alokairurik ez kobratzea erabaki du –zahar etxeko tabernak edo ile-apaindegi zerbitzuetan duten alokairu-kontratuen kasuan, adibidez–.

Kultur ekitaldiak, hitzaldiak, ahalduntze-eskolak, tailerrak eta emanaldiak, esaterako, internet bidez eskaintzen saiatuko dira. Presentzialki bakarrik izan daitezken kasuetan, ordea, kontratua mantendu egingo zaie eta aurrerago osatuko dute egitaraua.

Honi lotuta, Udalak uste du osasun krisialdia dela eta,  kultur eragileek jasaten duten prekarietatea handitu egin dela. Horregatik, kontratuak bertan behera ez uzteaz gain, ekitaldia egitean kobratuko dutenaren %30a aurreratzea erabaki du, sortzaileek soldataren parte bat jaso dezaten.