NAIZ

Baionako ZUP auzoko gazteek etxegabekoen alde jarduten dute

22 urteko Oussamak hartu zuen ekimena eta astean bizpahirutan, bi lagunen artean Biarritz eta Baionan gaindi ibiltzen dira etxerik gabeko jendeak laguntzen. Breuer auzoko gazteek (ZUP) etxerik gabekoei janaria banatzeari ekin diote.

Oussamak bere komunitate digitala mobilizatu du. (Guillaume FAUVEAU)
Oussamak bere komunitate digitala mobilizatu du. (Guillaume FAUVEAU)

Ideiaren jatorria azaldu du 22 urteko Oussama gazteak Kazeta.eus atarian: «Arratsaldean Baionara joan nintzen paper bat errekuperatzera eta etxerik gabeko jende ainitz ikusi nuen karrikan. Emazte bat bakarrik ikusteak triste utzi ninduen. Bost euro eman nizkion eta etxera sartzerakoan gogoetatzen hasi nintzen. Beraz, nire sareko lagunekin mintzatu nintzen».

Bere komunitate birtualari esker, lehen ateraldirako bost pertsona batzea lortu zuen: «Bigarrenerako ez genuen gure poltsikotik deus jarri behar izan, jendeak eman baitzigun».

Hiriko poliziekin eztabaidak izan ondotik, taldearen bira murriztu behar izan zuten eta auto batean joaten dira.

Gazte baionarren ekimena ongi iruditu zitzaionez, Gurutze Gorriak joan-etorriak egin ahal izateko agiriak eman dizkie.

«Dirua bildu, erosketak egin, poltsak prestatu eta abiatu egiten gara», azaldu du gazteak.

Bere irudiko, Baionan eta Biarritzen etxerik gabekoentzat aterpeak egon arren, uste daitekeena baino jende gehiago dago goseak karrikan. «Zinez ainitz dira. Gutienez 20-30 pertsonengana ailegatzen entseatzen gara».

Osasun krisi larriak pertsonen alderik onena eta txarrena agerian uzten duela irakurri ahal izan da egunotan. Hamaika hizkuntza eta beste hainbeste jatorri bere eraikinetan biltzen dituen ZUP auzoko gazteek beren onena atera dute beharrik handiena dutenentzat.