Online jarduteko garaiotan, etxetik ikasteko lagun aparta izan daiteke Jakindun. Hezkuntza plataforma bat da Jakindun.com, euskaraz eta doan funtzionatzen duena. Gure hizkuntzan eta behar den kalitatearekin eginiko zientzia bideoen defizita betetzeko jaio zen, 2017an.
Orain, koronabirusek eragindako osasun krisialdia dela-eta, irakaskuntzak on line ikasteko sistemak erabili behar dituenez, Jakindunek bere baliabideak eskaini nahi dizkio hezkuntza-komunitate osoari.
YouTubeko kanalean (http://bit.ly/Jakindun) ikasle zein irakasleen eskura jarri ditu Fisika, Kimika eta Matematikako bideoak, laburrak eta azalpen errazekin, bereziki DBH ikasten dutenek hobeto ulertzeko zailak egiten zaizkien ikasgaiak.
«Teknologia tresna bikaina da ikaskuntza- eta irakaskuntza- prozesuetarako. Ikasgaien ulermena hobetzen den heinean, bideoek ikaslearen motibazioa areagotu dezakete eta baita irakasleen jarduna hobetu ere», agertu dute Jakindunen bultzatzaileek.
Sarea eduki zientifikoz bete eta komunitatea eraiki
Ikasle, irakasle eta gurasoen eguneroko jarduna laguntzeaz gain, honako hauek dira Jakindun-en gainerako helburuak: «Sareak euskarazko eduki zientifikoz betetzea, ahalik eta kalitate hoberenarekin; eta komunitatea eraikitzea, euskararen eta zientziaren arteko elkarlana abiapuntutzat hartuta».
Jakindun irabazi-asmorik gabeko proiektua da eta gaur egun babes pribatuari esker bizi da. Nola lagundu? «Oso erraza da, sare sozialetan jarraituz (YouTube, Facebook, Instagram eta TikTok @Jakindun) eta euskal hezkuntza-komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle eta gurasoen artean zabalduz», azaldu dute.