Jon MAIA

Aute

Luis Eduardo Aute Silvio Rodriguezekin Anoetako belodromoan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Luis Eduardo Aute Silvio Rodriguezekin Anoetako belodromoan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Umetan iritsi zen Aute nire etxera, ezkerretik eta gazteleraz, espainolez, orduko eran esanda, orduan Espainiatik zetorren edozer ez bainuen nahi nire logelara sartzerik. Madrileko izekok grabatu zidan kasetean sartu zen Aute nire bizitzan eta berarekin batera beti hain hurbil ibili diren Serrat, Sabina, Krahe, Silvio eta Pablo, eta abar. Kasete berean iritsi zen beste bide batean zebilen Luis Llach ere. Ordurako bertso eskolan ibiltzen nintzen eta makina bat manifestaziotara joanda nengoen jadanik gurasoekin. Nigan bi mundu eta bi kultura nituen, erdal eta euskal kultura, eta 80ko hamarkadako egun gatazkatsu haien arratsaldeetan, magnetofoia bezalako hitz ponpoxoa zuen gailu maitekor hartan bi munduok islatzen ziren, euskal nerabe askoren etxeetan bezala.

Izan ere, asko gara euskarara eta herri honen borrokara ezkertiartasunetik iritsi ginen erdal familiak 70eko hamarkadan. Bi munduok bat egin zuten gugan, gure familietako lehen euskal belaunaldia osatzen dugunongan. Orduak ematen nituen ametsetan bi ur horien artean igeri, letrak ikasten, beti letretan arreta nik, batean zein bestean goxo, Oskorritik Sabinara, Kortatutik Silviora, Laboatik Autera, La Mandragoratik Barricadara, Victor Jaratik Hertzainak-era jauziak eginez, jolasti, sentibera, errebelde, egunaren arabera.

«¡Ama en la tele está Aute!» esaten gogoratzen dut Jon gaztetxo hura gurasoen etxean. Zenbat aldiz…

Krahe eta Aute

Denborarekin horietako batzuk bidean geratzen joan ziren, badakizue, politikagatik, halako edo bestelako esan zuelako… nik zer dakit, maniak edo boladak, atzean geratu ziren hainbeste kantu eder eman zizkidaten Sabina edo Serrat. Baina beste batzuk ez, esaterako Javier Krahe eta Luis Eduardo Aute. Gaur arte etorri dira nirekin. Autek ez nau inoiz aspertu. Bere unibertso imajinario eta literarioa, zinematografikoa, istorioak kontatzeko era, hitzak, beti hitzak, hainbeste gustatzen zaizkidan kantalari eta kontalari soka horretakoa izan da Aute. Kantautore. Kantauteore.

Bere bikote maitasun istorioak (“Pasaba por aquí”, “Las cuatro y diez”, “Anda”, “No te desnudes todavía…”), kantu politiko agerikoenak (“Al Alba”, “Rosas en el mar…”) eta memorian txertatutako hainbat eta hainbat abesti: “De alguna manera”, “Sin tu latido”, “El universo”, “Aleluya…”. Nola ez aipatu Silviok eta biek atera zuten zuzeneko “Mano a Mano” disko bikoitza eta gure sinpatia berritzen zion Kuba eta bere iraultzarekiko konplizitate hura.

Berarekin negar egin dut maitasunak estutu nauenean edo besterik gabe, egun sensiblea izan dudanean eta leihoak zabalik kantatu diot berarekin maitasunari, parrandetan ere beti aurkitu dut Aute zaleren bat “Las cuatro y diez” zatika kantatzeko…. Egun arrarootan utzi gaitu Autek, lehenago gazteleraz kantatzen zuen Rafa Berrio donostiarrak utzi gaituen bezala. Baina egunotan agian inoiz baino gehiago ohartzen gara zein beharrezkoak ditugun kantuak eta istorioak, gure ordu luzeak eta gure barne zuloak betetzeko, bizitza formulatzeko, milaka pertsonarekin kantu batean bat egiteko edo, besterik gabe, pentsatzen edo sentitzen duguna segur aski dagoeneko beste batek idatzi duen abesti batean aurkitu dugulako.

Haurtzarotik hil artean, gure kantari guztiak gugan doaz. Kantugileak hiltzen dira, desagertzen, erailtzen, isilarazten edo kartzelatzen. Baina kantuak? Kantua desagertu, lotu, kartzelatu, zapaldu, isildu, desagerrarazi ezin den monumentu ikusezina da. Intangiblea baina sentitu daitekeena, intimoa baina kolektiboa. Gure barnean gordetzen da eta gurekin dator. Kantatua den bitartean kantu bat ez da inoiz hilko.

Nire bertsoetan bizirik jarraituko du

Javier Kraherekin hitz egiteko zortea izan nuen bere azken kontzertuetako batean, Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Bere aurrean urduri, umetako desira bat betetzen ari nintzela jakitun, nire miresmena adierazi nion eta tarterik utzi gabe saiatu nintzen azaltzen bertsolariak zer garen. Eta berak, baietz, ezagutzen gintuela. Eta nik aitortu nion –o bai, aitortu nion!– nire bertsokeran nolako eragin zuzen eta indartsua izan duen beti berak. Handik aste batzuetara hil zenean nolako poza sentitu nuen aitorpen hura egin ahal izateko aukera izan nuelako.

Auteren heriotzaren berri izatean, sentitu dut gauza bera esango niokeela ahal izan banu. Euskaldun asko gara bi kultura horiez eginak. Baita zenbait bertsolari ere, pentsa! Autek nire bertsoetan, gure barnean, gure kantutegian bizirik jarraituko du, bere lagun eta ezezagun kantari askorekin batera.

Aute, Luis Eduardo Aute. Bere heriotzaren berri jakitean pena intimo bat sentitu dut, amarekin gogoratu naiz eta bere kantuak bata bestearen atzetik entzunez idatzi dut artikulu hau. Entzuten duguna gara, kantatzen duguna gara… y nada más, apenas nada más.