NAIZ

ERCk eta CUPek ere ezetz esan diete Moncloako itun berriei

EH Bilduk egin bezala, bi alderdi kataluniarrek uste dute krisiaren konponbide nagusietako bat Ongizate Estatua indartzea izan behar dela eta hori ez dute Estatu mailan posible ikusten eskuineko alderdiekin.

Mireia Vehi, CUPen bozeramailea espainiar Legebiltzarrean. (J. DANAE/FOKU)
Mireia Vehi, CUPen bozeramailea espainiar Legebiltzarrean. (J. DANAE/FOKU)

EH Bilduk igandean iragarri zuen bezala Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) eta CUP alderdiak Pedro Sanchezek proposatutako Moncloako Itunen berritzearen aurka azaldu dira. Trantsizioa bezala ezagututako garaian egin zuten gisa, Estatuko alderdi politikoak koronobirusak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko ados jartzea proposatu du Espainiako presidenteak.

Hiru indar independentistak bat datoz krisiari eman beharreko erantzunetako bat Ongizate Estatua indartzea dela, batez ere osasun alorra, eta hori ez dute posible ikusten hau suntsitu duten eskuineko alderdiekin. Gainera, EH Bilduren iritziz, lurralde bakoitzak estrategia berezi bat garatu behar du.

Zehatz esateko, ERC-k nabarmendu du, behin osasun alorra gaindituta, pandemia honek utziko duen krisi sozial eta ekonomikoa ezin dela «eskuinaren errezetekin» konpondu, eta hori planteatze hutsak «memoria eza» adieraziko lukeelako.

Ildo horretan Oriol Junqueras buru duen alderdiak krisiari «irteera sozial bat» ematearen aldekoak dira, aberatsenak erreskatatzen diren bitartean kolpea hiritar eta familien bizkar gainean uztearen akatsa berriz ez errepikatzeko. «Hau ez da inolaz ere posible batzuk nahi duten Koalizio Handiarekin», azaldu diote Europa Pressi.

CUPek ere ez ditu begi onez ikusten «memoriarik gabeko bake garai batean» hartutako Moncloako itun horiek. «Iradokitzen diren itunak hiritarrek eta herriek lekurik ez duten estatu hutsaren ideiari begira eginak daude». Alderdi honen iritzirako, krisialdi honen erantzuna «bizitza duinak» eta «herrien eskubideak» bermatzen dituzten adostasun sozialetan dago. Eta Kataluniako alderdi antikapitalista eta independentistaren iritziz, Espainiako Gobernuak eta herritarrak baino lehenago CEOE entzun nahi duten beste alderdiek ez dituzte helburu hauek bilatzen. Horregatik, argi utzi dute klase herritarren eskubideak merkatuen gainetik jartzea ez den estrategiarik ez den bitartean ez dutela CUPen babesik izango.