NAIZ

«Gure esku dagoen guztia egin behar dugu, osasun langileen lana ahalik eta errazena izan dadin»

Basque Team Fundazioak Irantzu Garcia curling-jokalaria eta medikuarekin hitz egin du koronabirusaren pandemiak sortutako egoeraz.

Irantzu Garcia, curlingeko materialarekin. (BASQUE TEAM)
Irantzu Garcia, curlingeko materialarekin. (BASQUE TEAM)

Oraintxe bertan Osakidetzako zerrendetan dago Irantzu Garcia, lehen ekintza lerrora pasatzeko noiz deituko zain. Hori gertatzen den bitartean, Gasteizko osasun langileen aldeko kanpaina batean parte hartu nahi izan du, Espainiako txapelketaren bat irabazteko erabili zituen kamisetetako bat emanez. Kirol arloan, dena airean geratu dela azpimarratu du kirolariak, eta, bere iritziz, udako eta neguko Jokoak hain hilabete gutxiko aldearekin jokatzeak eragina izan dezake neguko kirolak eta kirolariak sustatzeko arreta mediatikoan.

«Konfinamendua nahiko ondo doa. Batzuetan zaila da, irtetera ohituta zaudelako, kanpoan entrenatzera, eta are gehiago izotzean entrenatzen dugunok. Saiatzen gara egunero luzamenduak eta ariketak egiten mugikorreko aplikazioekin, eta ahalik eta aktiboen mantentzen. Egia da kosta egiten dela, izotzaren aldetik, baina tira, saiatzen gara aktibo egoten eta ahal dugun guztia egiten», adierazi du gasteiztarrak Basque Teamek zabaldutako elkarrizketa batean.

Irantzu Garcia medikua ere bada. «Mediku gisa zailagoa izaten ari da, nik laguntzea espero nuelako, lagundu ahal izatea, eta oraingoz Osakidetzaren dei bat baino ez dut jaso kontratazio zerrendetan sartzeko; orduan, orain, dei hori noiz egingo didaten zain nago. Niretzat zaila da, beti oso gogotsu aritu izan naizelako Gurutze Gorriarekin gauzak egiten, eta lankideak izanda, etxera gauez iristen direnean beren eguna nolakoa izan den kontatzen dizutelako, zein itota dauden, zer baliabide falta duten. Oraindik ere frustragarriagoa da zu hemen zaudela jakinda, ez ezer egin gabe», azpimarratu du.

Nahiz eta etxean geratu, baditu lagunen eta lankideen albisteak. «Egia da hainbat lagun eta lankide ditudala Gasteizen lanean, eta, zorionez, oheak hustu egiten ari direla eta jende gutxiago joaten dela ospitaletara; beraz, modu positiboan hartu behar dugun zerbait da. Egia da oraindik ez dagoela kontrolatuta, baina ZIUetan leku gehiago egotea eta altak bajak baino gehiago izateak nik uste dut pentsarazi behar digula pixkanaka konpontzen ari dela», adierazi du.

Gasteizko osasun langileen aldeko kanpaina batean parte hartu nahi izan du gasteiztarrak: Nik Espainiako txapelketetan dominaren bat irabazteko erabili ditudan kamisetetako bat ematea erabaki dut, ahal den neurrian laguntzeko, niretzat ere lankide baitira. Badakit zer behar den, eta badakit zein beharrezkoa den».

«Nik uste dut elkarlana alde askotatik datorrela. Ez bakarrik alde ekonomikotik, hori ere garrantzitsua da, mundu guztiak ulertu behar duelako osasun-langileak zenbat eta hobeto babestuta egon, orduan eta lehenago eta hobeto zaindu ahal izango dituztela pertsonak eta, horrela, birusarekin amaitu ahal izango dugula. Baina oso garrantzitsua da, halaber, maila globalean ematen diren gomendioekin lankidetzan aritzea, etxean geratu behar dugula pentsatzea, egunero erosketak egiten ez saiatzea... nahiz eta oso erraza dirudien pixka bat kostatzen ari zaigu. Gure esku dagoen guztia egiten saiatu behar dugu, gero osasun langileen lana ahalik eta errazena izan dadin«, argi utzi du.

«Behin amaitzerakoan, dena progresiboa izango da»

«Nik uste dut kostako zaigula egunerokora eta egunerokotasunera itzultzea. Amaitzen denean dena progresiboa izango da, ez dute dena bat-batean irekiko eta ez gara denak bat-batean kalera aterako. Kostatu egingo zaigu pixka bat martxan hastea», gaineratu du.

Bestalde, kirol arloan, «guretzat denboraldi hau, bistan denez, amaitu da», argi utzi du. «Komatxo artean zortea izan dugu, gure denboraldia apirilean amaitzen delako. Txapelketa batzuk bertan behera geratu dira baina irailean ehuneko ehunean itzultzea espero dugu».

«Nire ustez, agian eragina izango du; izan ere, udan Jokoak izan balira, gero ia bi urte egongo ziren negukoak sustatzeko, neguko kirolariengan zentratzeko; orduan, hilabete gutxiko aldearekin lehiatzean, agian mediatikoki eragina izango du. Horrez gain, gu pentsatzen ari gara beste modu batzuetan ere eragina izango duela, apirilean jokatuko zen Curlingeko Munduko Txapelketa bertan behera geratu delako. Puntu olinpikoak jokoan ziren eta bistan da talde batek ere ez duela lortu. Ez dakigu zer neurri hartuko diren Munduko Federaziotik, ezta nazionaletik ere, puntu horiekin zer egingo den erabakitzeko, ea zuzenean desagertzen diren, ea Munduko Txapelketa beste une batean egiten den… Dena airean dago», amaitu du.