NAIZ
Entrevue
Gaizka Bilbao
Eibar Eskubaloia klubeko presidentea

«Kirola egitea ezinbestekoa dela iruditzen zait burua ahalik eta lasaien edukitzeko»

Eibar Eskubaloiak klubeko presidente Gaizka Bilbaori eginiko elkarrizketa bat pasa du, berrogeialdia nola bizi duen kontatzeko, zer egiten duen denbora pasatzeko, eta orain garrantzitsuena ez bada ere, taldeek zer espero dezaketen hau dena pasatzerakoan.

Gaizka Bilbao Eibar Eskubaloia taldeko zuzendaria. (EIBAR ESKUBALOIA)
Gaizka Bilbao Eibar Eskubaloia taldeko zuzendaria. (EIBAR ESKUBALOIA)

Lehenik eta behin, nola eramaten ari zara konfinamendu hau?

Zorionez, irakaslea izanda, lanean jarraitzen dut eta denbora gehiena beteta daukat, aspertzeko astirik gabe oraingoz. Eta eguneroko lanaz gain, klubeko betebeharrak ere poliki aurreratzen ari garenez, nire egunak nahiko azkar pasatzen ari dira familiarekin batera.

Lehen baino kirol gutxiago ala gehiago egiten duzu?

Nire ustetan, etxe askotan bezala, gurean ere gora etorri gara eta inoiz baino kirol gehiago egiten dugu. Arrabola dela, pesak direla… egunero gabiltza gorputza mugitzen. Ezinbestekoa dela iruditzen zait zerbait egitea burua ahalik eta lasaien edukitzeko.

Gure taldeetako jokalari batzuek exkegi dituzte bideoak sarean kirola egiten. Egoera ezezagun honen aurrean, zer esango zenieke Eibar Eskubaloieko neska mutilei?

Lehen esan dudan moduan, burua lasai edukitzeko, kirola egitea beharrezkoa dela iruditzen zait. Jokalari gehienak nerabeak dira, energia asko daukate gordeta eta beharrezkoa ikusten dut energia hori ondo bideratzea. Beste alde batetik, kirolariak gara, beraz gure gorputza ahalik eta egoera egokienean mantentzea funtzezkoa da.

Noiz uste duzu ateratzeko aukera izango dugula gure senide eta lagunak pertsonalki agurtzeko?

Horren inguruan gogoeta gutxi egiten dut, nahiko errealista izaten saiatzen naiz. Uste dut egoera honek luzera egingo duela; lehenengo osasuna, ea nola egin ahal dezakegun orain arte lortutakoa mantentzeko; gero ikasleak, beraien errealitatera bueltatzea, helduko da momentua geroago senideak eta lagunak agurtzeko. Oraingoz besarkada birtualak mantendu beharko ditugulakoan nago denbora batez.

Eta ez badu garrantzi askorik momentu honetan ere, nola espero duzu bukatuko direla gure taldeen txapelketak?

Zail ikusten dut txapelketak amaitzea, Gipuzkoa eta Euskadi mailan ia ezinezkoa. Espainiar ligan jarduten duten taldeak oraindik erabaki baten zain daude, baina ez naiz oso baikorra. Kirolariak berriz ere martxan jartzea eta maila egoki batera itzultzeko denbora bat beharko dute. Gure jokalariek ez dakite jolasten jarraituko duten ala ez, ikasketak eta lanak tartean direlarik ez da erraza esatea; beste alde batetik, klubaren beharrak kirol mailan aztertuta, ez da momenturik onena mugimenduak egiteko, jenderaren burua nahiko aldrebestuta dago gertatzen ari denarekin.

Egoera nola aldatu den ikusita, nola eragingo dio taldeari orokorrean?

Taldeei orokorrean dinamikan sartzea kostako zaiela uste dut, aurre denboraldi moduko bat egin beharko dute poliki poliki berrabiarazteko; hala ere taldeak gogotsu etorriko direla uste dut, eskubaloi gosez eta hori baliatu behar dugu daukagun onena emateko. Ekainean hasten gara klub bezala hurrengo urterako gorabeherak prestatzen, baina gaur egun dugun egoerak zailtasunak bakarrik ekartzen ditu.

Bukatzeko, kluba indartzeko alor guztietan lanean ari garela nabarmentzea nahiko nuke, Eibarrek goi mailako eskubaloia behar du, eskubaloi zaleek horrela erakutsi digute urtean zehar eta lan horretan gabiltza buru belarri.