NAIZ

Lakuako eta Nafarroako gobernuak salatu dituzte ELA eta LABek, «langileak arriskuan jartzeagatik»

ELA eta LABek uste dute Nafarroako eta Lakuako gobernuek martxoaren 31n argitaratutako argipen oharrekin lantokietara joatera behartuta dauden langileen osasuna eta bizia arriskuan jarri dituztela, oinarrizkoak ez diren jarduerak egiteko. Horregatik, salaketa bana jarri dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako Gizarte Gaien Auzitegian.

Iruñeko Landaben poligonoa.(Iñigo URIZ / FOKU)
Iruñeko Landaben poligonoa.(Iñigo URIZ / FOKU)

ELA eta LABek salaketa bat jarri dute oinarrizko eskubideen zaintza oinarri (osasuna, bizia eta integritate fisikoaren eskubidea), Lakua (Ekonomia Garapena eta Azpiegituren Departamentua) eta Nafarroako Gobernuaren aurka. «Milaka langileren bizia eta osasuna arriskuan jartzea» leporatzen diete.

Kautelazko neurri gisa, gobernuen argipen oharrak (oinarrizkoak ez diren zerbitzuak eskaintzea ahalbidetzen dutenak) 24 orduko epean eten daitezela eskatu dute bi sindikatuek. Izan ere, uste dute gobernuek martxoaren 31n argitaratutako argipen oharrekin lantokietara joatera behartuta dauden langileen osasuna eta bizia arriskuan jarri dituztela, oinarrizkoak ez diren jarduerak egiteko.

Salaketak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako Gizarte Gaien Auzitegian jarri dituzte.

«Muturreraino malgutu dituzte oinarrizko zerbitzuak»

LAB eta ELAren iritziz, bi gobernuek muturreraino malgutu dute oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, Errege Dekretua urratuz (oinarrizkoak ez diren jardueren etena) eta oinarrizkoak ez diren beste industria zerbitzu eta jarduerak eskaintzea bideratuz (langileak euren lanpostuan kutsatzeko arriskuan jarriz eta pertsona hauek besteak kutsatzea ahalbidetuz), modu honetan alarma egoeraren printzipio nagusiak hankaz gora utzita: «Herritarren osasuna eta segurtasuna bermatu, gaixotasunaren garapenari aurre egin eta osasun sistema publikoa indartu».

Horregatik, honakoa exijitzen dute salaketan: «Ebatzi dadila Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak EAEko eta Nafarroako industria sektoreko langileen osasuna, bizia eta integritate fisikoaren eskubidea urratu dutela. Ebatzi dadila gobernuen argipen oharrak baliogabeak direla, legez. Zigor ditzatela bi gobernuak sententzia honen edukia argitaratzera, argipen oharrak argitaratu zituzten hedabide berdinen bitartez; eta bi argipen oharrak eten daitezela kautelazko neurri gisa, 24 orduko epean».