NAIZ
BILBO

BBK Legends jaialdiak 2021era atzeratu du aurtengo edizioa

Hainbeste hilabeteko lanaren ondoren erabaki «gogorra» izan dela aitortu du BBK Legends jaialdiko antolakuntzak, baina egoeraren aurrean zentzuzkoena zela iritzi du. Gauzak honela, ekainaren 5 eta 6 bitartean aurreikusia zegoen 5. edizioa datorren urtera atzeratu da azkenean.

Anari musikari azkoitiarra kartelaren parte zen. (Jon URBE I FOKU)
Anari musikari azkoitiarra kartelaren parte zen. (Jon URBE I FOKU)

Mundu mailan hartu diren neurriak tarteko, jaialdira gonbidatuak ziren artista askok bertan behera utzi dituzte Europa mailan eskaini behar zituzten birak eta horrek zuzenean eragiten zion ekainaren hasieran Ola BBK Znetroan ospatzeko zen jaialdiari. Era berean, modu orokorrean bizi dugun egoerarekin solidaritatez jokatzea zela aukera bakarra, adierazi du ohar bidez BBK Legends jaialdiaren antolakuntzak. Hala, 2021eko ekainean ospatuko da ekaina honetan egitekoa zen 5. edizioa.

Publikoari zor zaion «begiruneagatik» eta «behar den aurrerapenaz informatuak» mantentzeko heldu da erabaki «errealista» eta egoerarekin «solidarioa» dena. «Hainbeste hilabeteetako lanaren, ahaleginaren eta ilusioaren ostean erabaki gogorra izan da, baina orain garrantzitsuena gure osasuna eta besteona babestea da amesgaizto honetatik lehenbait lehen ateratzeko», jaso dute ohar berean.

«Konfinamendua errespetatuko dugu behar den denbora guztian, etxetik irten barik, zuen ahaleginak konpentsatuta ikus ditzazuen eta egoera honetatik guztion artean irteten laguntzeko, normaltasunera, gure kaleetara (…) itzul gaitezen». Eta gero, «baina gero bakarrik», erantsi dute, «entzungo da zuzeneko musika, berriro hasiko dira jaialdiak».

Sarreren itzulketa

Dagoeneko sarrerak erosi zituzten zaleei dirua itzuliko zaie erosketa egiteko erabili zen txartel berean, 30 eguneko epean (apirilaren 8tik aurrera). Informazio guztia badute eta, azpimarratu dutenez, ez da beharrezkoa bezeroa jaialdiarekin harremanetan jartzea.