naiz
Londres

Johnsonek oxigenoa jaso eta gertuko zaintzapean jarraitzen du

Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek oxigenoa jaso du, atzo sukarrak gora egin eta zaintza intentsiboetan sartu eta gero. Azpimarratu dutenez, ez dago arnasgailuari konektatuta. Bestetik, Johnsonek Dominic Raab Atzerri ministroari eman dio Gobernuaren behin-behineko agintea, bere osasun egoerak hobera egiten ez duen bitartean.

Zaintza intentsiboetan sartu aurretik bideo bidez egin zuen bilera Johnsonek. (Andrew PARSONS / AFP)
Zaintza intentsiboetan sartu aurretik bideo bidez egin zuen bilera Johnsonek. (Andrew PARSONS / AFP)

Boris Johnson premier britainiarrak gaua zaintza intentsiboetan igaro du. Gobernuko kide duen Micharl Govek jakinarazi duenez, oxigenoa jaso du lehen ministroak, baina ez dago arnasgailuari konektatuta, nahiz eta alboan izan badaezpada.

«Lehen ministroak oxigeno laguntza jaso du eta gertuko zaintzapean jarraitzen du», adierazi du LBC irratian egindako elkarrizketa batean. «Medikuek hartuko dituztete hartu beharreko neurriak», gehitu du.

Bestetik, Johnsonek Dominic Raab Atzerri ministroari eman dio Gobernuaren behin-behineko agintea, bere osasun egoerak hobera egiten ez duen bitartean. Johnson igandean sartu zen «prebentzio neurri gisa» St Thomas Ospitalean eta atzo zaintza intentsiboetara eraman behar izan duten, sukarra areagotu eta gero.

Britainia Handiko diplomaziako buruak astearte honetan Gobernu bilera egingo du bideokonferentzia bidez eta hurrengo eginkizunen artean biztanleen mugimenduetan dauden mugak mantentzea edo ez erabakitzea izango du. Datorren astearen hasieran berrikusi beharko lirateke Johnsonek bere momentuan hartutako neurri hauek. Hala ere, Govek nabarmendu du Gobernuak «modu kolektiboan» hartuko dituela neurri hauek eta ez direla, soilik, Raaben ardura izango. Martxoaren 24an ezarri zuen Johnsonek hiru asteko konfinamendua.

Koronabirus berriaren epidemiak 5.373 heriotza eragin ditu dagoeneko Erresuma Batuan, eta baieztatutako infekzioak 51.608 dira guztira.