NAIZ

Korrontzi eta DJ Makalaren azken lana, ‘Topa-k’, World Music Charts zerrenda ezagunean

‘Topa-k’ (Elkar) lana iragan abenduan Bilbon aurkeztu zuten DJ Makala eta Korrontzik eta, azken honek jakinarazi duenez, World Music Charts zerrenda ospetsuan hamar disko onenen artean hautatua izan da. 1991an abiatu zen ekimena eta xedea munduko musika onenak sailkatzea da, hilero adituen epaimahai batek osatzen duen zerrendaren bidez.

DJ Makala eta Korrontzi, lan berriaren aurkezpenean. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)
DJ Makala eta Korrontzi, lan berriaren aurkezpenean. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

«Gure azken lana nazioarte mailako 10 disko onenen zerrendan hautatua izan da! ‘World Music Charts Europe’ apirileko argitalpenaren arabera munduko musika diskoen artean, 10. postuan sartzen gara kontinente guztietan kaleratutako diskoak kontutan hartuz. Berri oso ona bizi ditugun garai zail hauetan... Aupa Rufino!», adierazi du pozarren Korrontzik bere sare sozialetan.

Korrontzi taldeko Agus Barandiaran trikitilariak abenduan Bilbon egin zuten aurkezpenean adierazi zuenez, «‘Topa-k’ musika tradizionala eta elektronikoa uztartzen dituen proiektua da, disko batean kaleratu dugu. Proposamen berri bat da, jendearen belarrietara heltzeko asmoz. Niretzat nahiko berria da eta ez dakit hau bezalako proiektu asko egin diren gurean».

Mikel Unzurrunzaga, nazioartean dezente ibilitakoa, DJ Makala izenarekin da ezaguna, eta munduko doinu eta erritmo asko gurera ekarritakoa da. «Asko bidaiatzen dugun musikariak gara, bai Korrontzi eta bai ni, nik aspaldian omenaldi bereziak egiten dizkiet beste leku batzuetako doinuei«, adierazi zuen orduan.

Ez da lehendabiziko aldia elkarlanean aritu direla. 2015ean Korrontziren kantu batekin remix-a egin zuen Makalak eta oihartzun eta arrakasta handia izan zuen gure mugetatik kanpo. «‘Hori da musika euskalduna?’, galdetzen ziguten kanpoan, ederra zela esanez, eta guk ere world music edo global vibes etiketa horien barruan sartzeko moduko doinuak sortu ditzakegu», baieztatu zuen DJ Makalak. Jaso berri duten izendapenarekin, frogatuta gelditu da hori orain.

1991an abiatu zen World Music Charts Europe zerrenda osatzeko egitasmoa, hamaika herrialdetako hamaika irrati ekoizleren eskutik. Geroztik, bertako epaimahaiak osatzen duen zerrendak zeresan handia du. Prestigiozko epaimahai hori herrialde ezberdinetako irratiko profesionalez osatua dago, musika arloan jarduten dutenak. Apirila honetako zerrendan, Euskal Herriaz gain, Macedonia, Finlandia, Turkia, Grezia eta Brasilgo lanak aukeratu dituzte, besteak beste.