Naiz

John Prine, folk eta country musikaren figura handia, hil da koronabirusaren ondorioz

Beti bigarren plano batean mantendu bazen ere, musika munduan mugitu zen azken unera arte, eta horregatik beste artistek miresten zuten. Bizitzan zehar osasun arazo ugari izan zituen, tartean hainbat minbizia, eta horiek gainditu bazituen ere, azkenean 73 urterekin hil da, koronabirusak jota.

John Prine 2019ko ekaineko kontzertu batean. (Angela WEISS/AFP)
John Prine 2019ko ekaineko kontzertu batean. (Angela WEISS/AFP)

John Prine musikari estatubatuarra, folk eta country musikan eragin handia izan zuena, asteartean hil zen Nashvillen 73 urte zituela. Duela bi aste ospitalera eraman zuten koronabirusarekin kutsatuta zegoelako.

Beste musikari batzuk bezain ospetsua izan ez zen arren, jarraitzaileen eta beste artisten artean oso maitatua izan zen, eta askorentzat bere belaunaldiko konposatzailerik onenetarikoa zen.

Fiona Prine bere emazteak martxoren 20an esan zuen biak berrogeialdian zeudela, bata bestearengandik sakabanatuta, emakumeak Covid-19 birusaren froga egin ostean positibo eman zuelako.

Prinek hainbat osasun arazo izan zituen bere bizitzan zehar, tartean minbizia gainditu zuen behin baino gehiagotan. Azkenean, bera ere kusatu egin zen eta ezin izan dio gaixotasunari buelta eman.

1946an jaio zen Maywooden (Illinois) eta folk eta country musikan bere ibilbidea 70ko hamarkadan hasi zuen ‘John Prine’ izeneko diskoa kaleratuz. Kris Kristofferson funtsezkoa izan zen bere karreraren hastapenetan, eta bere aitabitxi musikala bilakatu zen.

Kristoffersonez gain, beste musikari ospetsuek ere kantatu zituzten Prineren abestiak, adibidez Johnny Cashek edo Joan Baezek bertsioak egin zituzten.

Bigarren plano batean mantendu zen beti, baina beti aritu zen lanean eta, horregatik, musikari askok miresten zuten. 1978an ‘Bruised Orange’ lana kaleratu zuen, eta urte askotan ezer argitaratu gabe egon ostean, 1991an ‘The missing years’ eman zuen, Bruce Springsteen, Tom Petty, John Mellencamp eta Bonnie Raitt bezalako artisten laguntzarekin.

1998an lepoko minbizia izan zuen eta orduztik bere ahotsa aldatu egin zen. Hala ere lanean jarraitu zuen eta 2005ean ‘Fair & Square’ argitaratu zuen. Bere azken lana 2018an kaleratu zuen, ‘The tree of forgiveness’.

Grammyen arduradunek iragarri zuten Prinek aurten ohorezko saria jasoko zuela bizitza osoan egindako lanagatik. Ekitaldia apirilaren 18an zen ospatzekoa, baina bertan behera utzi dute pandemiaren ondorioz. Prinek hamaika nominazio jaso zituen Grammyetara, eta horietako bi jaso zituen. Ohorezko Grammy horrek bere ibilbidea borobilduko zukeen.

Musikarien erreakzioak

Bere heriotzaren albistea azkar zabaldu da musikarien artean eta sare sozialetan erantzun azkarra izan dute batzuek. «Hemen, E. Streeten, lur jota gaude John Prineren heriotzagatik», esan du Bruce Springsteenek. «John eta biok ’Dylan berriak’ ginen 70ko hamarkadan, eta bera beti izan zen munduko gizonik xarmangarriena. Benetako altxor nazional bat eta oroimenerako konposatzaile bat», gaineratu zuen.

«Min handia ematen dit albiste hau irakurtzeak. Jota sentitzen naiz. Nire heroia joan da. Nire laguna joan da», adierazi du Margo Pricek.

«Aingeruekin abesten ari da. Faltan botako zaitugu, baina zure abestiek iraungo dute», esan du Sheryl Crowk.

«Eskerrik asko merezin izan genuena baino askoz gehiago izateagatik», bota du Dawes taldeak.

«Maite zaitugu, John», laburbildu du Jason Isbellek.