NAIZ

Eibarko Egogain egoitzako langileek pairatzen duten egoera salatu dute

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek Gipuzkoako Aldundiak zuzenean kudeatzen duen Eibarko Egogain egoitzako langileek pairatzen duten segurtasun falta salatu dute, eta egoera horri buelta emateko ezinbesteko neurriak «ahalik eta azkarren» bete ditzala eskatu diote instituzioari.

Egogain adinekoen egoitzaren artxiboko argazki bat   (Raul BOGAJO I FOKU)
Egogain adinekoen egoitzaren artxiboko argazki bat (Raul BOGAJO I FOKU)

Gipuzkoako Aldundiko Langile Batzordeko gehiengoa osatzen duten LAB, ELA eta CCOO sindikatuok Eibarko Egogain zentroan bai egoiliarrak baita langileak ere pairatzen ari diren egoera salatu dute. Adierazi dutenez, «segurtasun neurriak ez dira era egokian betetzen ari» egoitza horretan; «ez Estatutik agindutakoak ezta Osakidetzak zehaztutakoak ere».

Besteren artean, azaldu dute solairu guztietan koornabirusaren proban positibo eman dutenak, sintomak dauzkatenak eta sintomarik gabeko egoiliarrak daudela. «Positiboak geletan isolatuta dauden arren, zaintzaile berberek hiru egoeratako egoiliarrak zaintzen dituzte», gaineratu zute, aipatuz buzo bakarra –zenbait kasutan, plastikozko poltsa bat, azald dutenez– langile batzuen artean partekatu behar dutela, eta positiboak artatzeko jantzi, bukatzean kendu eta logeletako komunetan utzi behar dutela.

«Eguneko zaintzaileak ez dira solairuz aldatzen, baina erizainak bai: txanda bakoitzean bi erizain daude etxe guztirako, positiboei eta negatiboei arreta emanez. Eta gaueko zaintzaileek ere egoitza guztiko erabiltzaileak artatzen dituzte», nabarmendu dute, gaineratuz jangelako, garbiketako eta mantentze lanetako langileak etxe osotik ibiltzen direla, «EPI egokirik gabe, baita langileen uniformeak (zikinak eta garbiak) manipulatzen dituztenek ere».

EPI nahikorik ez

Honekin batera, aipatu sindikatuek adierazi dute Aldundiak emandako EPIak ez direla nahikoak guztiontzako, eta, hortaz, langileek «beraien kabuz» lortu izan dituztela, nahiz eta batzuetan hauek ez diren egokiak. Eta batak eta maskarilak egunero berrerabiltzen ari direla aipatu dute, «honek suposatzen duen arriskuarekin», kutsatuta egon daitezkeen EPIak transmisio bektore izan daitezkeelarik.

Maskarilak, gainera Elgoibarreko ikastetxe batek eman dizkie eta 3D inprimagailuarekin eginiko maskarak Eibarko Armeria eskolak. Langileek diotenez, «hauei esker lortu dugu EPIak nolabait osatzea».

«Erabilera bakarrerako EPIak krisialdi hau hasi zenetik berrerabiltzera behartu gaituzte, beraien esanetan ez baitelako nahikoa egon. Baina ezin dugu ahaztu beharrezko EPIen hornidura Aldundiaren ardura dela», azpimarratu dute.

Hau aski ez balitz, langileen falta «inoiz baino nabarmenagoa» dela esan dute sindikatuek, eta zaintzaileek ezin dituztela egoiliarren
oinarrizko beharrak ase. «Batzuetan lansaioak luzatzen eta atsedenik hartu ezinik ari dira lanean», kritikatu dute.

Eskaerak Aldundiari

Horiek hala, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek honako eskaerak egin dizkiote Gipuzkoako Aldundiari: «zerbitzua ematen duten langileen kopurua handitzea, bai zaintzaileak zein erizainak»; «langile guztiei EPI propio eta egokiak ematea, baita azpikontratako langile guztiei ere, egoki erabiltzeko argibideekin»; «inplikatutako pertsona guztien osasuna ahalik eta gehien babesteko hartu beharreko neurriak hartzea; baita testak langile guztiei egitea ere»; «infektaturiko gaixoen zaintza egiten duten langileek egoiliar horiek artatzea, ez besterik»; eta «zentroko egoeraren berri prebentzioko delegatuei egunero ematea: egoiliarrena, bertako langileena eta azpikontratatutako enpresen langileena».

«Errealitate gordinak egunero erakusten digu orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoak izan. Pertsonen osasuna eta bizitza
daude arriskuan, bai egoiliarrena baita langileena eta hauen senideena ere», adierazi dute oharrean, eta salatu dutenez, «zoritxarrez, Egogainen gero eta pertsona gehiago ari dira gaixotzen eta zentzen».

Horregatik, «inplikatutako pertsona guztien osasuna babesteko beharreko neurriak ahalik eta azkarren har ditzan» exijitu diote Gipuzkoako Aldundiari.