Arnaitz Gorriti

«Ez Zaude Bakarrik / No Estás Solo Ni Sola», koronabirusaren aurkako herri ekimena

Koronabirusarekin batera Euskal Herrian sortu eta espainiar Estatu osora hedaturiko mugimendua da Ez Zaude Bakarrik, sikologiako profesionalen lan boluntarioaren bitartez sortua. Konfinamendu egoerak sortzen dituen arazoen aurrean arreta eta euste lana egiten du, baita tratamendu klinikorik detektatuz gero bertara bideratu ere. Horrez gain, doluaren prozesua eramaten laguntzen die hala behar dutenei.

Ez Zaude Bakarrik, konfinamendu egoerak sortzen dituen arazoen aurrean. (Michael IOCCISANO / AFP)
Ez Zaude Bakarrik, konfinamendu egoerak sortzen dituen arazoen aurrean. (Michael IOCCISANO / AFP)

«Koronabirusak eragindako larrialdi krisiaren aurrean eta herritarren artean birusaren hedapena gelditzea beharrezkoa den honetan, unean uneko egoerara aldaketa azkarren bidez egokitzeko momentua da. Beraien lanpostuetan ezinbestekoak diren persona batzuk izan ezik, gehienak etxean gelditzen gara. Gure bizimoduak hainbeste aldatu direnez, normala da batzuetan arrotz, gainezka edota triste sentitzea».

Hala hasten da ekimenaren webgunea, Ez zaude Bakarrik / No Estás Solo Ni Sola herri dinamikari dagokiona, hain zuzen. Beharturiko isolamendu testuinguru honetan, «elkar zaintzeko, entzute eta laguntza emozionalean formakuntza» duen hainbat pertsona boluntariok osatzen duen elkartea da, joan den hiletik aurrera martxan dabilena eta dagoeneko sare sozialetan presentzia nabarmena duena.

«Martxoaren 12-13 inguruan posta elektroniko batzuen bitartez jakin genuen proiektu hau jaiotzeko asmoa eta boluntarioen beharra. Artean sikologoen kolegioetatik gerora eratu den sarea egiteke zegoen», adierazi dio herri mugimendu honetako kide den Saioa Otegi Apaolaza sikologoak NAIZi.

«Denbora eskaini nahi dizugu gaizki sentitzen bazara. Etxean bakarrik zaudela uste baduzu, jende asko zu entzuteko prest dagoela esan nahi dizugu». Ez Zaude Bakarrik ekimenetik boluntario batzuk daude. «Dagoeneko ez dugu boluntariorik behar, baina hasiera batean Estatu osoko 200 bat kide lotu izan dira mugimendu honetara. Bakarrik daudenei zein lagunduta egonagatik, bakarrik sentitzen diren horiei entzun eta laguntza eskaintzea da gure lana, ondoez emozionala arintzea», dio Otegik.

Bakarrik dagoen orok, edo nahiz eta etxean jende gehiago egon, bakarrik sentitzen den orok, escuchamos@noestassolonisola.eus helbidean mezua utzi dezake kezka eta behar emozionalen inguruko xehetasunak adieraziz. Nola lagun dezaketen aztertu ostean, eskatzaile bakoitzarekin telefonoz edo bideo dei bidez hitz egin dezakeen norbait ahalik eta azkarren harremanetan jartzen ahaleginduko da.

Euskal Herrian ekimena abiarazi bazen ere, besteak beste EHUko irakasle Itziar Alonso eta beste hainbaten ekimenez, gaur egun espainiar Estatu osoan zabaldu da eta, ondorioz, laguntza euskaraz, gazteleraz, galegoz, katalanieraz, ingeleraz eta zeinu hizkuntzaz zerbitzua eman dezakete.

Ez Zaude Bakarrik mugimenduaren webguneak, zentzu horretan, Estatu osoko ssikologiari loturiko laguntza sarea eratzen ere lagundu du, aurreneko arreta jasotzen duen horrek nora jo deitzen duen lurraldearen arabera izan dezan.

Horretaz gain, beste zenbait ekimen bildu dituzte laguntza ssikologikoa modu profesionalago batean eskaintzen dutenak; hau da, sikologia klinikoaren alorrean diharduten profesionalek eskaintzen dutena patologia sikologikoak tratatzeko –webguneko boluntarioek gisa honetako eskaerei ez diete erantzungo–. «Erkidegoka antolatu duten direktorioari segika, ezagutzen duzun beste ekimenen bat falta dela uste baduzu, bidal iezaguzu mesedez helbide honetara zerrendan gehitu dezagun: recursos@noestassolonisola.eus».

Eredu ezberdinak

«Ez dago deitzaile eredu jakin bat. Jendeak irudika lezake bakarrik bizi den pertsona adineko bat izango dela errezen deituko duena, baina gero, krisi honi lotuta, denetarik dago, edonori har baitiezaioke gain egoera honek. Izan liteke 18 urteko gazte bat guraso batekin bizi dena eta egoera ezin kudeatuz dabilena; izan liteke lanagatik edo arrazoi ekonomikoei begira egoera honek gain hartu dion norbait», ohartzen du Otegik.

«Egia da gure burmuina oso moldakorra dela eta jendea uste baino erresilienteagoa, hau da, ohitzeko egundoko gaitasuna duela. Hasiera baten, krisi honek jo berritan, shock egoera batean dago eta ez daki nola eraman egoera hau», gaineratu du.

Alabaina, «konfinamenduak aurrera egin ahala, ohitzen joaten da, egoera mental ezberdinetatik pasatzen hasten da. Kontua da denek ez dutela erritmo berbera eta aurrez ohitura ez osasungarriak eramaten dituenak halako egoera baten, batez ere egunek aurrera egin ahala, ‘bozgorailu efektu’ bat nozi lezaketela; desoreka areagotu egiten da eta ez du modu osasungarri baten kudeatzen egoera hau. Bakardade sentsazio hori barrutik sortzen da, areago nabaritzen da orduan. Halakoetan ikus dezake norbaitek deitzeko beharra, eta guk hor arreta jartzen diogu eta ikusi bestelako laguntzarik behar duen. Beharko balu, profesional batengana deribatu genezake», esan du Otegik.

Dolu prozesuak

Horrez gain, senideren bat galdu duten horientzat sikologoak diren boluntario batzuk ere badaude eskuragarri herri talde honen bidez. Dolu prozesuetan laguntza emozionalerako prestakuntza edo esperientzia daukan jendea eta telefonoz edo bideo-dei bidez entzuteko prest daudenak. Kasu honetarako, duelo@noestassolonisola.eus helbidera idatzi beharko litzateke, edota whatsapp mezu bat igorri ondoko zenbakira: 670020102.

«Egoera azaldu eta horren arabera erabakiko dugu laguntzarik behar duen ala ez. Behar duela erabakiz gero, mugimendu honetako ‘dolu komisioan’ dagoen norbaiti eta honek aztertzen du kasua doluaren kudeaketa nola egin, beronek erabakitzen baitu zeinengana jo behar duen kasu konkretu bakoitzean», adierazi du Otegik, bera hain justu dolu batzordeko kidea delarik.

Bestalde, pertsona asko ez direnez, webgune honen atal batetan beste ekimen boluntario batzuk bildu nahi ditu. Horietako batzuek laguntza instrumentala eskaintzen dute; esaterako, erosketak egiten lagundu, eta beste batzuek entzute eta laguntza emozionala eskaintzen dute.

Oraindik krisia ez da amaitu, baina krisi ondorengo sasoira begira, «oraindik ezer ere» ez dutela planteatu onartu du ekimeneko kideak. «Ez gara mugimendu profesional bat, nahiz eta sikologian profesionala den jendea gauden barruan. Zerbitzu hau eskaintzen dugu behar bat somatu genuelako, egoera honek hala bultzatuta», dio.