Katixa AGIRRE

KOARENTENA (II)

Droga guztiak utzi ditut irla honetan nagoenetik. Guztiak tabakoa izan ezik. Tabakoak nire ahotsari ukitu berezi hura ematen dio. Mundu guztiak daki hori, leku batean baino gehiagotan idatzita gelditu da, eta ez dut inondik inora nire ukitu berezia galdu egin nahi.

Droga guztiak utzi ditut irla honetan nagoenetik. Alkoholak ez du kontatzen, ez baitzait inoiz gustatu. Orain bermut gorri bat hartzen dut amarekin bazkaldu ostean, ez beti. Baina hartzekotan, bazkaldu ostean hartu ohi dut. Horrela gustatzen zaio amari. Digestioa errazten omen dio bermut gorriak. Ekaitzek konbentzio guztien aurka doan momentu berezi hau errespetatzen dute. Beranduago etortzen dira.

Baina tabakoa. Pakete oso bat erre dezaket goizetik gauera. Horretan ez naiz aldatu. Bai ordea beste guztian. Estasia eta sexua banaezinak ziren niretzako, baina orain bigarren hori ez dudanez, lehenengoa ere ez. Erraza izan da. Pilulak medikuak errezetatzen zizkidan, insomnio kronikoa ez baita txantxa. Ez zuen ezer galdetzen. Errezeta luzatu eta kitto. Hauts txuriak gure managerrak ematen zizkigun, kontzertua hasi aurretik. Uste dut ez naizela inoiz eszenatoki gainean egon erabat hordituta egon gabe. Hainbeste maite nuen nire publikoa. Maite zaituztet! Mundialak zarete gero, mundialak!

Musikagatik ere izan zitekeen.

Agian.

Zergatik ez.

Hori guztia utzi egin dut egun batetik bestera, irlara etorri nintzenetik. Musika barne. Ez zait batere gogorra egin. Liberazio bat izan da. Gaizki egiten dut lo, noski. Baina zerbaitetarako daukat ama eta bere aldaka-hezur zorrotza. Gauez gustura aterako nintzateke kanpora zigarro bat erretzera, baina euria botatzen du gauero, goian behean.

 

Esan ohi dute Germanek eta biok, bikiak izanik, ez dugula antz handirik. Bakoitza bere obulutik jaio zela azaldu ohi dut nik. Bizigotikoak garela, alegia. Eraikin bera konpartitu genuela berrogei astez, baina bakoitzak bere kabuz ekin ziola pertsona gisa eratzeari, apartamentu indibidualetan. Horrela azaltzen dut jendeak ez duelako bi zigotoen kontua oso ondo ulertzen.

Egia da ez daukagula antz handirik. Ni bereziki baldarra naiz edozein kirol edo ariketa fisikori dagokionez eta Germanek, berriz, superheroi baten bizkortasuna eta indarra dauka. Eskolan hoberena zen soinketa klasean. Ez beste guztian ordea. Gainera ez dauka belarri onik musikarako, abesten saiatzen den arren ez du nota bat bera ere tonuan ematen. Desafinatzen duela esaten badiot, ez daki zertaz ari naizen ere. Nik berriz kantatu besterik ezin dut egin. Talentu bakarra daukat. Eta ez da oso handia, egia esatera.

Utzi egin behar nuela esan nion neure buruari. Beste zerbait aurkitu. Baina zer. Talentuak ez dira bigarren eskuko dendetan saltzen.

Gainera, gitarra bat aurkitu dut amaren etxean. Atzeko partea pegatinaz josirik dauka. Berari galdetu diot baina ez omen daki nondik atera den. Antzinako arrantzale batena izango da, arrantzaleen kantuak laguntzeko erabilia. Kantu malenkoniatsuak, nostalgikoak. Zergatik negar egin, zeruan izarra dago itsaso aldetik. Ordu-erdi eman dut korda bakoitza afinatzen eta abesteari lotu naiz terrazan. Ez ditut taldeko abestiak jo. Klasikoak jo ditut. Knock-knock-knocking. Horiek ez dute hutsik egiten.

Irlan geratzen diren azken turista galduek ez dute burua jaso, musika nondik datorren jakiteko asmoz.

 

Zera gertatu zen, ez oso aspaldi: leherketa bat. Eta bi hildako. Ondo gogoan dauzkat bien izenak. Orduan agertu zen Germanen argazkia telebista eta egunkari guztietan, beste bi argazkiren ondoan. Gazte agertzen zen argazki hartan, oso gazte, eta hala ere beste bien buruzagia omen zela esan zuten telebista-kate eta egunkari guztietan. Irla honetara etorri aurretik gertatu zen dena.

(Jarraituko du)