NAIZ

ZientziaKutxa hitzaldiak maiatzean emango dituzte online

Itxialdiaren garaian Kutxa Fundazioak eta DIPCk elkarlanean antolatutako ZientziaKutxa hitzaldi-zikloak bere jardueraren zati bati berrekingo dio modu birtualean, eta maiatzean beste bi dibulgazio hitzaldi eskainiko dituzte online bertako bi ikertzaile nabarmenek, Paola Ferrariok eta Ion Erreak.

Paola Ferrariok maiatzaren 7an emango du bere hitzaldia. (ZIENTZIAKUTXA)
Paola Ferrariok maiatzaren 7an emango du bere hitzaldia. (ZIENTZIAKUTXA)

Konfinamendu garai honetan Kutxa Fundazioak eta DIPCk elkarlanean antolatutako ZientziaKutxa hitzaldi-zikloak bere jardueraren zati bati berrekingo dio modu birtualean. Maiatzean beste bi dibulgazio hitzaldi eskainiko emanen dituzte bertako bi ikertzaile nabarmenek, Paola Ferrariok eta Ion Erreak.

Hitzaldien online zabalkundeari esker, kultura zientifikoa partekatzen jarraituko dute eta zientzia zaleek etxetik zuzenean jarraitu ahal izango dute gozatzen. Gainera, hizlariei galderak egin ahalko dizkiete.

Zikloak gaur egungo zenbait gai zientifiko jorratuko ditu –robotika humanoidea, klima aldaketa eta ingeniaritza genetikoa–, eta gure inguruan garatzen den zientzia bikainaren adibide izango da.

Neutrinoen azterketa

Lehenengo hitzordua maiatzaren 7an izango da: Paola Ferrario fisikari eta DIPCeko Ikerbasque ikertzaileak ‘Neutrinos e imagen médica: la extraña pareja’ hitzaldia emango du. Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta naturako partikula iheskorrenaren, neutrinoaren, azterketan oinarrituko da; unibertsoaren existentzia ulertzeko interesagatik, PET (Positroi Emisio bidezko Tomografia) eskanerretarako teknologia berri bat garatzera eraman duena.

Ferrarioren ikerketak neutrinoen fisika eta irudi medikorako aplikazio instrumentalak ditu ardatz, NEXT eta PETALO nazioarteko lankidetza zientifikoen barruan kokatuta. NEXT esperimentua, Canfranceko Lurpeko Laborategian egiten dena, neutrinoaren izaera aztertzen duen partikula-detektagailu handi bat da, unibertsoaren materiaren antolaketa ulertzeko ondorio sakonak dituen ikerketa.

2017an, Ferrariok Europako ERC Starting Grant beka ospetsua lortu zuen, eta PETALO hasi zuen beka horrekin; proiektu horren helburua xenon likidoan oinarritutako PET baten lehen prototipoa, NEXTen erabilitako teknologia irudi medikoari aplikatzen diona, garatzea da. Bi proiektuak DIPCren partikulen fisika esperimentaleko ikerketa ildoaren barruan daude.

Supereroaleak

Maiatzaren 29an Ion Errea fisikari donostiarrak ‘Supereroankortasuna, markak hausten!’ hitzaldia emango du. Euskal Herriko Unibertsitateko eta Materialen Fisika Zentroko ikertzaile eta irakaslea da Errea, DIPCko kidea. Supereroaleetan aditua den aldetik, jakintza arlo honen erronka handian lan egiten du: supereroaleak giro-tenperaturan lortzea.

Azken urteotan ulertu da hidrogeno-konposatuetan posible dela supereroaleak lortzea ia giro-tenperaturan, baina presio oso-oso altuetan. Ezagutza horretan aurrera egiteko, materialen propietateen azterketa teorikoa eta kalkulu-gaitasuna ezinbestekoak dira.

2018tik, Ion Errea Materialen Teoria Kuantikoko ikerketa-taldeko burua da. Bere ikerketa lerro nagusiak zenbakizko metodoen garapena du ardatz, solidoetan propietate konplexuak ─adibidez, efektu kuantiko edo bibrazio atomiko ez-harmonikoak─ deskribatzeko eta material supereroaleetan aplikatzeko.

Ferrariok bezala, Erreak ere jaso du Europako Batasunaren ERC Starting Grant beka, proposamen zientifiko berritzaileak dituzten bikaintasunezko ikertzaile gazteen karrerak bultzatzen dituena.

Bien hitzaldiak 19.00etan izango dira. Online emango dira DIPCren Webinar aretoan: tiny.cc/Zientziakutxa. DIPCren webgunearen bitartez ere sartu ahal izango da.