Ane URKIRI

Futbol liga ekainaren 13an itzultzea «goizegi» eta «arriskutsua» dela iruditzen zaio Asier Garitanori

Aurreikuspen guztiek diote gizonezkoen futbol txapelketa ekainaren 13an itzuliko dela. Asier Garitanok data hori aurreratu du, La Ligako iturrien arabera. Alaveseko entrenatzaileari goizegi iruditzen zaio eta honen arriskuez ohartarazi du.

Asier Garitano, ostegun goizeko lan-saioan. (ALAVES)
Asier Garitano, ostegun goizeko lan-saioan. (ALAVES)

Alaveseko entrenatzaile Asier Garitano egoerara egokitzen dago, etengabe: «Hori da entrenatzaile baten egitekoa». Egun batetik bestera antolatzen dute plangintza, hurrengo astera begira jartzea ez baita eraginkorra. «Ez dakigu hurrengo astean nola egongo garen», dio.

Bideo-dei bidez erantzun ditu galderak ostegun arratsaldean, bere taldeak 10. entrenamendua osatu ostean. Zorionez, jokalari guztiak osasuntsu daudela jakinarazi du, nahiz eta oraindik ezin duten guztiek elkarrekin entrenatu.

Aste honetan hamar jokalariko multzotan banatu dira eta honi esker, kontu taktikoak lantzen hasi dira, gehiegirik izan ez bada ere.

Garitanoren helburua −behin eta berriz errepikatu du prentsaurrekoan− jokalariek min ez hartzea da. «Xedea da ez egotea lesiorik, jokalari bat ez egotea geldirik bizpahiru egunez min hartu duelako. Lehen agian horrelako lesio batek ez zuen asko suposatzen, baina maneiatzen ari garen denbora murritzarengatik, orain garrantzitsua izan daiteke», azaldu du.

Aurreratu du La Ligak ekainaren 13a markatu duela ligaren itzulerarako. Garitanori «goizegi» dela iruditzen zaio: «Goizegi da ekainaren 13an txapelketa berrartu eta 11 jardunaldi segidan jokatzeko». «Arriskutsua» izan daitekeela ere ohartarazi du, epe-motz batean txapelketaren fase erabakiorrena jokatu beharko baitute, astean bi norgehiagoka izanda. Talde asko ez daude egoki osatuak astean bi neurketa jokatzeko.

Gainera, ekainaren 13an liga abiatzeak esan nahi du oso egun gutxi izango dutela taldea bere osotasunean entrenatzen hasten denetik. «Aste honetan hamar jokalariko multzoetan gaude entrenatzen eta ez daukagu ideiarik ere noiz hasiko garen talde osoarekin lanean. Egunero egiten diogu galderak hemen egoten den La Ligako inspektoreari eta beraiek ere ez dakite erantzun zehatzik».

Honekin, ulertzera eman du eta ondoren, modu batean, baieztatzera heldu da, La Liga entitatetik ez diela iritzirik eskatu taldeetako entrenatzaileei: «Niri ez didate ezer galdetu. Irakurri edo esan didatenaren arabera jakin ditut kontuak». Jakinarazi du berez, entrenatzaileen arteko bilera bat egitekoak zirela baina arrazoi ezberdinengatik ez dela burutu.

Bere iritziaz galdetuta, berak gutxienez, talde osoarekin bi asteko entrenamenduak burutzea eskatzen du. Ekainaren 20, esaterako, data hobeagoa dela iruditzen zaio.

Aldaketak eta zaletuak

Liga itzultzen bada −oraindik ere ez baita kontu ziurra− pare bat aldaketekin itzuliko da. Bata, nagusiena, zaletu gabe izango dela da. Alavesen kasuan, puntuen %70 Mendizorrotzan lortu ditu aurtengo denboraldian eta zaleen berotasuna giltzarri izan da momentu askotan.

«Gure zaletuen bultzadarekin seguru eta konfiantzaz beterik sentitzen gara. Gezurretan ariko nintzateke kontrakorik esango banu eta uste dut, bai baldintzatuko digula», adierazi du. Era berean, etxean eta kanpoan jokatzearen aldea desagertuta ikusiko delakoan da.

Bestalde, talde bakoitzak bost aldaketa egiteko aukera izango duela ere aurreratu da. Kasu honetan, Garitanok ez daki bere taldearentzat neurri positibo bat izango den edo ez. Egunotan behin baino gehiago egin duen txantxa bat kontatu du: «Agian Alavesi gehiago komeni zaio aldaketarik ez egitea bost egitea baino».

Helburuak

Ia bi hilabetez etxean egon direnean, epe-motzeko helburuak finkatzen hasi zirela azaldu du bergararrak. Esaterako, bere ustez garrantzitsua izan da futbolarien mentalitatea zaintzea; hau da, sinestaraztea txapelketa itzul zitekeela. «Orain Ibaiara joatean askoz errazago da aspektu hori», onartu du.

Entrenatzen hastea kontu positibotzat jo du, «horrela etxetik ateratzen baikara».

Helburu tekniko eta fisikoak lantzeari dagokionez, konplikatuago izan dela aitortzen du, «guztiek ez baitute izan lan egiteko erraztasun berdina». Etxearen tamaina edo entrenatzeko materialari egin dio erreferentzia. 

Aurredenboraldiarekin eginiko alderaketarik ere ez falta izan. Garitanok gauza batzuk ñabartu nahi izan ditu; izan ere, egun, futbolaria asko zaintzen da behin denboraldia amaituta ere, lehen gertatzen ez zen bezala: «Deskantsatu dezake aste betez baina gero asko zaintzen da, kirola egiten jarraitzen dute eta jatekoarekin ere asko zaintzen dira». 

Horregatik, hain zuzen, oso ezberdina iruditzen zaio egungo egoera. Entrenatzeko ezin izan baitira etxetik atera «eta horrela, bi astetan masa muskularra galtzen da. Kosta egingo da hori errekuperatzea». Arriskutsua dela iriztearen beste argumentu bat.

Jaitsiera saihestea

Hamaika jardunaldiren faltan dago gizonezkoen lehen mailako futbol txapelketa. Guztia erabakitzeke dago eta une erabakiorrenean iritsi zen koronabirusa. Alaves, bere aldetik, jaitsiera saihesteko lanetan murgilduta zegoen. Dinamika onak jaitsiera zazpi puntura aldentzea baimendu zion. Etxeko dinamika onari segi eta kanpoan ere itxura hobetu zuen.

Lehen itzulian lau puntu lortu zituen etxetik kanpo (0-2, Eibarren) eta bigarren itzulian, lau partidu etxetik at jokatu eta bakarra galduta iritsi zen geldialdira.

Uste du fisikoki geldialdi aurreko maila errekuperatu ezean, kalitateak garrantzi are handiagoa hartuko duela. Hala, taldeen arteko diferentzia nabarmen handitu daiteke.

Lehenengo neurketa Espanyolen zelaian jokatuko dute, ligako azken sailkatuaren etxean. Berdin du aurretik zein dinamikatan zegoen talde bakoitza, zerotik hastea bezala izango dela nabarmendu du entrenatzaileak. Gainera, litekeena da, bitartean ezin izango dutela lagunartekorik jokatu, zeinak garrantzitsuak izaten diren taldearen egoera baloratzeko eta gabeziak identifikatzeko.

«Dinamika on baten egoteak lasaitasuna ematen dizu. Gainera, aurkaria egoera on batean ez baldin badago, are konfiantza gehiagorekin zoaz. Orain, eszenatokia guztiz aldatu zaigu. Ez dakigu zer gertatuko den eta nola joango den guztia», laburbildu du.

Lehen Mailan mantentzea lortuz gero, Garitanok Alavesekin duen hitzarmena luzatuko luke. Bergararrak dio orain bertan ez dagoela hurrengo denboraldiari begira baina hala gertatuz gero, bera pozik dagoela Alavesen eta jakitera eman du gustora jarraituko lukeela klub gasteiztarrean.