NAIZ

O'Mullonyri hernia diskaleko ebakuntza egingo diote

Bera Berako jokalariak azken hilabeteotan aurrera eraman duen tratamendu kontserbadoreak ez du espero zen emaitza eman eta azkenean klubak eta jokalariak ebakuntzaren aldeko apustua egin dute. Sei bat hilabete beharko ditu osatzeko.

O'Mullony, Zuazoren aurkako derbian (Aritz LOIOLA / FOKU)
O'Mullony, Zuazoren aurkako derbian (Aritz LOIOLA / FOKU)

Super Amara Bera Bera eskuin alboko Maria Prieto O’Mullony jokalariari hernia diskaleko ebakuntza egingo diote datorren astean, eta taldeak jakitera eman duenez, sei hilabete beharko ditu erabat osatzeko.

Kontuan izan behar da O'Mullonyk ezker belauneko lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtu zituela iaz, eta behin lesio larri hori gaindituta abenduan egin zuela debuta Bera Berarekin.

Orain, aldiz, hernia bat izan da Zamorako jokalaria kirofanoan sartzera derrigortu duena. Espainiarrak bizkarrean min handia somatu zuen Alcobendasen aurkako partidaren ostean, eta hurrengo hiru partidak ezin izan zituen jokatu.

Azken hilabeteotan aurrera eraman duen tratamendu kontserbadoreak ez du espero zen emaitza eman eta azkenean klubak eta jokalariak ebakuntzaren aldeko apustua egin dute.

Astelehenan PCR testa egingo diote eta negatiboa izanez gero, asteazkenean edo ostegunean egingo diote ebakuntza O’Mullonyri. Apurka-apurka ikusten joan beharko den arren, hasiera batean sei hilabeteko epea aipatzen dute taldetik erabat osatu ahal izateko.

O'Mullony aurtengo denboraldian iritsi da Donostiara, Eli Cesareorekin batera Aula Valladolid taldea utzi eta Bera Beran jokatzeko erronkarekin. Aurrez Alicia Fernandez, Silvia Arderius edota Nekane Terés jokalariek egindako bideari jarraituz iritsi ziren Pucelatik Donostiara.