NAIZ

Bayern eta Dortmund sasoi betean iritsiko dira datorren astearteko neurketa erabakigarrira

Talde bavariarrak 5-2 menderatu du Eintrach Allianz Arenan eta lau puntuko tartea ateratzen dio Wolfsburgoren zelaian 0-2 irabazi duen Borussiari. Elkarren aurkako demak, datorren asteartean 18.30ean, Bundesliga ia erabakita utz dezake edo sailkapena pil-pilean ipini.

Lewandowski eta Alaba, aurrenekoaren gola ospatzen (Andreas GEBERT / AFP)
Lewandowski eta Alaba, aurrenekoaren gola ospatzen (Andreas GEBERT / AFP)

Bayern Munichek ez du hutsik egin Eintrach Frankfurten aurkako partidan. Bavariarrek 5-2 irabazi dute eta lau puntuko abantailarekin iritsiko dira Liga ia erabakita edo pil-pilean utzi dezakeen partidara: Bayern lehen sailkatua eta Dortmund bigarrena elkarren aurka, Borussiaren zelaian, datorren asteartean 18.30ean.

Bayernek 5-2 zapaldu du gaur Eintrach. Atsedenaldirako 3-0 aurretik ziren etxekoak, Leon Goretzka, Thomas Muller eta Robert Lewandowskiren golei esker. Lewandowskik ligan sartzen duen 27. gola da, Urrezko Botaren lehian Inmobile italiarrarekin berdinduz.

Hala erre, bavariarrei sufritzea tokatu zaie bigarren zatiaren lehen minutuetan. Izan ere, Martin Hinteregger atzelari alemaniarrak ia jarraian sartutako bi golek (52. eta 55. minutuetan) 3-2 ipini dute markagailua.

Alphonso Davies kanadiarra izan da urduritasunei amaiera ipini diena handik bost minutura, 4-2koa sartuz, eta etxekoen garaipena Hinteregger berak itxi du, kasu honetan bere atean baloia sartuz.

Dortmundek ere indartsu jarraitzen du

Aurrez, Borussia Dortmundek presioa sartua zion Bayerni, Wolfsburgoren zelaian 0-2 irabazi baitio. Lucien Favre entrenatzaileak aurreko jardunaldiko hamaikako berdina errepikatu du, eta golak Guerreirok eta Achrafek sartu dituzte.

Dortmund askoz gehiago izan da hasieratik. Thorgan Hazard izan da lehen aukera sortu duena, 16. minutuan, eta bigarren eraso aipagarrian jada gola iritsi da. Julian Brandt izan da jokaldiari hasiera eman diona, eskuin hegaletik Hazardek erdiratu du eta defentsa guztiak Haaland gazteari begira zeuden bitartean, Guerreirok sartu du baloia sareetan.

Wolfsburgo hobeto irten da bigarren zatian, eta zenbait aukera sortu ditu. Renato Steffanek, adibidez, langa jo du 48. minutuan, eta Ginzek ere saiatu da Burkiren atea zulatzen. Baina Borussiak kalitate gehiago duela erakutsi du: bigarren zatian atera den Jadon Sanchok jokaldi ederra egin du Achrafi baloia ate aurrean utziz.

Borussiarentzat albiste txarrena Mats Hummelsen arazo fisikoak izan dira. Badirudi atzelariak Aquiles tendoia ikututa duela eta baliteke astearteko norgehiagoka jokatzerik ez izatea.

Leverkusen hirugarren jarri da

Eguneko beste neurketa interesgarrian, Bayer Leverkusenek hirugarren postua bereganatu du Borussia Monchengladbachen zelaian 1-3 irabazita. Kai Havertzek bi gol sartu ditu eta Sven Benderrek egin du hirugarrena. Gainera, Leipzigek igandean Magunciari irabazten badio, Gladbach Txapeldunen Ligako postuetatik kanpo geratuko da.