Asier AIESTARAN

Xabi Alonso: «Uste dut jokalariek aurerra pauso bat eman dutela, eta hori da garrantzitsuena»

Sanseko entrenatzaileak denboraldiaren balantzea egin du eta tolosarrak balorazioa «positiboa» dela uste du, azkenean play-offetik kanpo geratu arren. Pertsonalki ere, itzulera «oso lasaia, oso goxoa, oso naturala» izan dela aipatu du.

Xabi Alonso, Realak zabaldutako elkarrizketan (REALA)
Xabi Alonso, Realak zabaldutako elkarrizketan (REALA)

Xabi Alonsok, Sanseko entrenatzaileak, denboraldiaren balantzea egin du gaur Realaren komunikazio kanalen bitartez. Tolosarrak balorazioa «positiboa» dela uste du, taldeak «aurrera pauso bat» eman duela irizten diolako.

«Argi dago oso denboraldi atipikoa izan dela, batez ere hamar partida jokatu gabe gelditu direlako. Baina hori kenduta, uste dut balorazioa positiboa dela. Hasi ginenean jakin nahi genuen non kokatuko zigun lehiaketak, eta ni oso pozik nago taldeak eman duen mailarekin. Ondo lehiatu dugu, uste dut jokalariek aurerra pauso bat eman dutela, eta hori da garrantzitsuena», esan du Alonsok Sanseren aulkian egin duen lehen denboraldia aztertuz.

Donostiarrak bosgarren zeuden Bigarren B Mailako 2. multzoan koronabirusagatik lehiaketa gelditu behar izan zenean, eta azkenean hiru puntuko tartetxoagatik play-offetik kanpo geratu dira.

«Argi dago pena bat dela play-offeko postuak borrokatzeko aukera ez eduki izana azken partida hauetan, baina gauzak horrela gertatu dira eta orain ez gara kexatzen hasiko. Pozik egoteko denboraldia egin dugula uste dut», aipatu du horren inguruan.

Meritua eman dio egindako lanari, batez ere taldea «berria» zela kontuan izanda. «Gauza berri asko zeuden. Jokalari berri asko zeuden, behetik igotzen zirenak, entrenatzaile berria… Esperientzia aldetik ere ez genekien nola kokatuko ginen maila berrian. Baina saiatu gara azkar ikasten eta denok lan ona egin dugu», adierazi du.

Zentzu horretan, jokalarien jarrera eta gogoa nabarmendu ditu. «Bai futbol arloan eta bai erakutsitako anbizioan uste dut aurrera pauso bat eman dugula, hazi egin garela. Hasieran ez genekien non egongo ginen, play-offeko borrokan, edo erdialdean… Taldea berria zen, ni ere berria nintzen… Baina gogo hori edukitzea, eta grina hori erakustea hor goian egoteko oso garrantzitsua da. Jokalariek hezi egin behar dute lehiaketari aurre egiteko, partidei nola heldu ikasteko, eta guk ere bai teknikari moduan. Hurrengo denboraldia iritsiko da, baina aurten hori lortu dugu».

Pertsonalki ere «oso pozik»

Zer esana eman zuen Alonsoren itzulerak, urte askoan kanpoan ibili ostean, eta onartu duenez, oso pozik dago hartutako erabakiarekin. «Urte asko kanpoan egon eta gero, itzulera oso lasaia, oso goxoa, oso naturala izan da. Bai niretzako, bai familiarentzako. Donostian, Gipuzkoan... Zubietan lan egiteko ere baldintza oso onak daude, eta horregatik oso trantsizio lasaia izan da».

Dioenez, lehen taldearen denboraldi bikainak asko laguntzen du Zubietako beste taldeen lanean ere. «Kluba dagoen egoeran egonda errazagoak dira gauzak. Garbi dago aurreneko taldeak asko bultzatzen duela, hori da klubaren motorra. Eta ikusten duzunean lehenengo taldearen osasuna hain ona dela, dena errazagoa da inguruan gauden guztiontzat. Horregatik pozik eta nik hor izan dudan partaidetzarekin ere bai. Oso gustora egon naiz Robertorekin (Olabe), Imanolekin, gure staff teknikoarekin… Normaltasunez, baina gauzak gustora egin ditugu», onartu du.

Eta lehen taldearen lanari buruz galdetuta, laudorioak baino ez ditu izan Xabi Alonsok: «Ni ez naiz agian objektiboena izango, baina futbol munduko jende askorekin hitz egiten duzu eta denek goraipatzen dute Reala egiten ari den futbola. Bai Imanolen lanarengatik, bai jokalarien inplikazioagatik, ematen duten mailarengatik… maila oso altua izaten ari da. Oraindik asko falta da, baina orain arte egindakoa asko eskertu behar diegu, asko gozatzen ari gara».