NAIZ

Zirkuko artisten lana bultzatzeko Europako proiektu batean parte hartzen ari da Bilboko Udala

Bilboko Udala ‘Zeharraldia - Zirku Pirinioak’ izeneko proiektu europarrean parte hartzen ari da. Ekimenaren helburua zirkuko artistei etorkizun hurbilean izango dituzten erronka berriei erantzuteko laguntza ematea da. Programak sustatuta, 2020 eta 2022 artean zortzi zirku ikuskizun aurkeztuko dira.

Zortzi ikuskizun sustatuko dira programaren bidez. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Zortzi ikuskizun sustatuko dira programaren bidez. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Bilboko Udalak 100.750 euroko diru-laguntza bat jaso du, ‘Zeharkaldia - Zirku Pirinioak’ izeneko proiektuko bazkide eta egiturazko parte hartzaile gisa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren kontura. Egitasmoaren helburua zirkuko artisten lana bultzatzea da, eta hauei laguntza eskaintzea etorkizun hurbilean izango dituzten erronka berriei erantzuteko.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 2020 eta 2022 artean egingo diren zortzi ikuskizunen prestakuntza, sorkuntza eta programazio egiturak biltzen dira proiektuan, «laguntza praktika berriak esperimentatzeko, lanbide arteko elkarrizketarekin, bilaketa artistikoarekin, sorkuntzaren eta hedapenaren arteko artikulazioarekin eta eragileen, artista berrien eta onartuen arteko elkartasunarekin».

‘Zeharkaldia - Zirku Pirinioak’ lankidetza proiektu bat da, eta Europar Batasunak %65 finantzatu du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsekin, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren bidez.

Ekimena, zirkuko arteetarako mugaz gaindiko lankidetza ekimenaren barruan dago, eta Pirinioetako bi aldeetako zortzi erakunde publiko eta pribatu biltzen ditu. Bazkideen artean unibertsitateak daude, hala nola Akitaniako Tolosako Jean Jaures; saiakera eta sorkuntza lekuak eta fabrikak (La Grainerie edo Central del Circ); zabalkunde guneak eta eremu publikoko erakundeak (Bilboko Udala).

Bilboko Udalak gogoratu du urtero anolatzen dituela Bilboko Kalealdia kaleko antzerki eta arteen jaialdia, eta Zirkualde zirkuko arteei buruzko jaialdia.